Debabarreneko Mankomunitateak herritar guztientzako aplikazio irisgarri bat jarri du abian, hondakin organikoaren kudeaketa errazteko
2025ko ekainaren 5aSeigarbosten “IREKI” aplikazioa dagoeneko eskuragarri dago Android eta IOS sistemetarako
Debabarreneko Mankomunitateak tresna digital berri bat aurkeztu du eskualdeko bizilagunen birziklatze-esperientzia hobetzeko: aplikazio mugikor bat, hondakin organikoetarako poltsak eskatzeko eta edukiontzi marroia erraz eta azkar irekitzeko aukera ematen duena.
Aplikazio berritzaile hori, Ireki izenekoa, herritar guztientzat eskuragarri izateko diseinatuta dago, eta funtsezko zerbitzu bikoitza eskaintzen du hondakin organikoa eraginkortasunez kudeatzeko:
• Edukiontzi marroiarentzako poltsak eskatzea, erabiltzaileek materia organikoa behar bezala bereizteko beharrezko ontziak izan ditzaten.
• Edukiontzi marroiaren irekiera adimenduna mugikorraren bidez; horrek sarbidea errazten du eta erosotasuna hobetzen du hondakinak uzteko unean.
Nola funtzionatzen du Ireki aplikazioak?
1. Deskargatu app-a Google Playtik edo App Storetik.
2. Aukeratu hizkuntza eta onartu lege-oharra aplikazioa hastean.
3. Erregistratu Mankomunitateak eman dizun QR kodea eskaneatuz.
4. Aktibatu zure mugikorraren kokapena eta bluetootha, sistemak hurbileko edukiontziak detekta ditzan.
5. Eskaneatu edukiontzia eta, zure sarbidea baliozkoa bada, automatikoki irekiko da. Berriz ireki nahi baduzu, pantaila nagusiko giltzarrapo berdearen ikonotik ireki dezakezu
Ekimen honekin, Debabarreneko Mankomunitateak aurrera egiten jarraitzen du gaikako bilketa optimizatzen eta ingurumen-inpaktua murrizten.
"Gure lehentasuna da herritarrei hondakinak behar bezala bereizteko beharrezko tresnak ematea, eta aplikazio hau beste urrats bat da organikoaren birziklapena bultzatzeko, funtsezko pieza baita hondakinen kudeaketa jasangarrian", adierazi du Nerea Zubillaga Mankomunitateko gerenteak.
Debabarreneko Mankomunitateak aplikazio hau deskargatzera eta erabiltzera animatzen ditu herritar guztiak, ingurumena zaintzeko eta eskualdeko bizi-kalitatea hobetzeko ahalegin kolektibo honekin bat egiteko.