Debak bat egin du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin
2026ko martxoaren 8aMartxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Debako Udalak emakumeen eskubideen aldeko aldarria egin nahi du. Gaur egun emakumeek bizi dituzten diskriminazio eta indarkeria egoerek agerian uzten dute berdintasuna oraindik ere errealitatetik urrun dagoela eta arazo estruktural baten emaitza dela, eta, ondorioz, erantzun kolektiboa eskatzen duena.
Debako Udalak urteak daramatza emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko ekimenak martxan jartzen, indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeaz gain, emakumeen eta nesken ahalduntzea bultzatzen duten politikak garatuz. Ildo horretan, udal honek konpromisoa hartzen du emakume eta nesken ahalduntzera bideratutako ekintzak antolatzen jarraitzeko, indarkeria matxistaren prebentziorako sentsibilizazio kanpainak garatzeko, eta haur eta gazteei zuzendutako hezkidetza saioak sustatzeko, berdintasunean eta tratu onetan oinarritutako balioak txikitatik barnera ditzaten. Era berean, udal langileentzako prestakuntza saioak eskaintzen jarraituko du, genero ikuspegia udalaren jarduera guztietan txertatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria egoeren aurrean erantzun egokia eta koordinatua bermatzeko.
Berdintasunaren aldeko borrokak, berdintasunaren aldeko politika publiko sendoak eta jendarte osoaren inplikazioa eskatzen ditu, bizi garen herria espazio libre, aske eta berdinzalea izan dadin. Feminismoak urte guzti hauetan egindako lanari esker, emakumeen eskubideak agenda publikoan kokatu dira, eta berdintasunaren aldeko urrats garrantzitsuak eman dira, nahiz eta oraindik ere erronka handiak ditugun aurretik.
Martxoaren 8a aldarrikapenerako, hausnarketarako eta berdintasunarekiko konpromisoa berresteko eguna da. Hori dela eta, Debako Udalak bere ekintza eta politikekin jendartearen inplikazioa eta berdintasunaren aldeko jarrera kolektiboa sustatzen jarraituko du, emakumeen eskubideak erdigunean jarriz eta inor atzean utziko ez duen jendartea eraikitzeko lanean.
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna ekintzarako eguna da, eta beraz, Debako Udalak herritar guztiok gonbidatzen zaituzte antolatu duen programan parte hartzera baita herrian egingo diren aldarrikapenekin bat egitera ere.