Debak eraso sexisten aurkako protokolo berezia aktibatu du San Roke jaietarako
2025ko abuztuaren 8aProtokolo hori udalerriko tabernetan zabaldu da, kartel eta pegatinekin batera, guztion arteko elkarlanean, jai seguruan, berdintasunean oinarrituak eta indarkeriarik gabekoak bermatzeko.
Abuztuaren 14tik 18ra ospatuko diren San Roke jaiak direla eta, Debako Udalak protokolo berezi bat jarri du martxan, urtero bezala, eraso sexistei, LGTBIfobikoei, arrazistei eta xenofoboei aurre egiteko. Protokolo hori udalerriko tabernen artean banatu da, horrelako indarkerien aurrean duten konpromiso kolektiboa sustatzeko. Protokoloarekin batera, kanpaina honi loturiko kartel eta pegatinak ere banatu dira eta eskuragarri izango dira tabernetan.
Protokoloak, besteak beste, eraso matxista zer den, indarkeria egoera baten aurrean nola jokatu eta erasotako pertsonak artatzeko eskuragarri dauden baliabideak zehazten ditu. Gainera, gogorarazten da ez dela pertsonen askatasunaren eta duintasunaren aurkako jokabiderik onartuko, eta herritarrei dei egiten zaie arduraz jokatzeko eta horrelako jarreren konplize ez izateko.
Debako alkate Alazne Txurrukak azpimarratu duenez, "jaiak gozatzeko, partekatzeko eta elkarrekin bizitzeko unea dira. Pertsona guztiak aske eta seguru sentitzea nahi dugu. Horregatik, berdintasunarekin eta errespetuarekin dugun konpromisoa indartu dugu. Erasoek ez dute kabidarik gure kaleetan, ezta gure jai guneetan ere".
Beste neurri batzuen artean, Udalak puntu seguru bat jarriko du abuztuaren 15ean, 23:00etatik 02:00etara, eta gogoratu du 900 840 111 eta 016 telefonoak erabilgarri daudela 24 orduko arretarako, baita Debako Udaltzaingoarekin zuzeneko harremana ere.