Debak hasiera emango dio udaberriari adin guztientzako kultur programazio zabalarekin
2026ko martxoaren 3aEkainera bitartean, musika, zinema, literatura, antzerkia, dantza eta kirola nagusi izango dira herrian, adin guztietarako antolatutako eskaintza zabalarekin.
Udaberri honetan kultur eskaintza oparoa izango da Deban, adin eta gustu guztietarako osatua. Izan ere, Udaberriko Kultur Gidak herriko kaleetan, plazetan eta kultur espazio desberdinetan garatzeko jarduera eta ekintza andana batzen ditu, ekainera bitartean, herritarren zein bisitarien gozamenerako.
Zinemak presentzia nabarmena izango du aurtengo egitarauan. Besteak beste, “F1”, “Tres amigas”, “La historia de Souleymane”, “7 film labur”, filmak proiektatuko dira Kultur Elkartean, baita Itsaspeko Zinema (Cimasub) ere.
Musikak eta kale giroak ere protagonismo berezia izango dute. Debako Musika Bandaren kontzertua, Aitzuri abesbatzaren emanaldia, Jurgi Ekizaren kontzertua, Musika Eskolako ikasleen eta nagusien kontzertuak eta Kultur Elkarteko Bazkidearen Eguna izango dira hitzordu nagusietako batzuk. Halaber, Kalean Kantuz ekimenak hainbat egunetan girotuko ditu herriko kaleak, Europako Musikaren Eguna barne.
Antzerki eta dantza arloan, “GOAZ” Antzerki Astea, Kulunka dantza klasikoaren erakustaldia eta Gure Kai Dantza Taldearen jaialdia izango dira ikusgai. Familientzako proposamenen artean, Ispilu(h)ari zikloko saioak (Handiak eta Txikiak), Ekain Pailazoa eta bestelako ipuin kontaketa eta emanaldiak nabarmendu behar dira. Magiak ere bere lekua izango du Alain Zulaika magoaren eskutik.
Literaturak eta sormenak ere tarte zabala izango dute. Irakurketa Klubak bi saio eskainiko ditu (Lola Shoneyin eta Eider Rodriguezen lanekin), eta Liburuaren Egunaren harira hainbat ekimen antolatuko dira, besteak beste VI. Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren eta “Deba 100 Hitzetan” lehiaketaren sari banaketak.
Zientziari eta gizarte gaietako hausnarketari dagokionez, “Baso Bete Zientzia” hitzaldi zikloa ostegunero egingo da maiatzean, eta menopausiari buruzko tailer informatibo-praktikoa ere eskainiko da.
Kirolak ere izango du bere tokia: kadete mailako txirrindularitza lasterketa, Emakumezkoen Gipuzkoako Itzulia, pilota topaketa eta Senzala Euskadi Capoeira Topaketa Internazionala ospatuko dira, besteak beste.
Natura eta ondarea ezagutzeko aukera ere izango da Geoparkeko bisita gidatuei esker: Lastur familian, marearteko zabalgunea eta Debatik Zumaiara itsasontziz egingo diren ibilbideak udaberrian zehar programatu dira.
Tradizioek eta herri ospakizunek egitaraua borobilduko dute: Debarren Eguna, Itziarko Erromeria Eguna, San Juan sua eta eguna, San Pedroko zahagi erretzea eta LGTBIQ+ Harrotasun Eguna izango dira, herritarren parte-hartzea eta aniztasuna sustatuz.
Udaberriko Kultur Gidak, beraz, kultura, aisialdia eta komunitatea uztartzen dituen eskaintza zabala dakar, Deba bizirik eta mugimenduan mantentzeko asmoz. Egitarau osoa eskuragarri dago www.deba.eus webgunean.