Debak "Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin" ekimena jasoko du astelehenean
2025ko irailaren 12aForu Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatutako ekintza honen baitan, tailer mugikor batek bizikletak doan ikuskatuko ditu Zumardian, Mugikortasunaren Europako Astearen baitan. Jarduerak MUGI txartela eskatu edo berritzeko eta zozketetan parte hartzeko aukera ere eskainiko du.
Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, datorren astelehenean, irailak 15, "Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin" ekimena jasoko du Debak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatuta. Helburua da herritarren artean mugikortasun ohitura jasangarri eta osasungarriak sustatzea, bizikletaren erabilera garraio publikoarekin uztartuz.
Deban, tailer ibiltaria 16:00etatik 20:00etara kokatuko da Zumardian (kioskoa). Ordutegi horretan, furgoneta-tailer batek bizikletak berrikusteko eta konpontzeko doako zerbitzua eskainiko die MUGI txartel pertsonalizatua aurkezten duten pertsona guztiei. Gainera, txartela eskatzeko edo berritzeko aholkularitza eskainiko da.
Ekimenarekin batera, 2 bizikleta eta MUGI txartelerako 20 euroko 60 birkarga zozketatuko dira.
Alazne Txurruka, Debako alkateak positiboki baloratu du ekimena Debara ekartzea: “Debako Udaletik irmoki sinesten dugu gure herritarrei bizimodu aktiboagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa erraztuko dieten tresnak ematearen garrantzian. "Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin" bezalako ekimenek garraiobide jasangarrien erabilera sustatzeaz gain, zerbitzu erabilgarri eta irisgarriak jartzen dituzte herritarren eskura”.
Asteleheneko hitzordua Gipuzkoako hogei bat udalerrik irailean zehar egingo duten kanpaina zabalago baten parte da, erakunde publikoek mugikortasun garbiago, eraginkorrago eta osasungarriago baten alde duten konpromisoa sendotuz.