Debako Caritas elkartearen udako kanpaina bukatzear da

2017ko irailaren 1aDebako Caritas elkartearen udako kanpaina bukatzear da

Caritas elkarteak udako kanpaina arrakastatsua izan du aurten. Abuztuan zehar egindako tonbolan boleto guztiak saldu dira eta sari ugari banatu dira parte-hartzaileen artean. Irailaren 9rako Amancio Pradaren kontzertu solidarioa antolatu dute Santa Maria Elizan eta sarrerak dagoeneko salgai daude turismo bulegoan.

Debako Caritas elkarteak udako kanpaina arrakastatsua izan du aurten. Abuztuan zehar egin den tonbolako parte hartzea izugarria izan da eta sari asko banatu dira hilabete osoan zehar. Tonbolan parte hartu duen orori (saritua izan edo ez) boletoa gordetzeko eskatu zaio; izan ere, atzo, abuztuak 31, zozketa berezia egin zen azken sari batzuk banatu ahal izateko.

Zozketa berezi honetako zenbaki sarituak eta hauen ordezkoak beheko taulan ikus daitezke. Zenbaki saritua izanez gero, tonbolako lokalera gerturatu beharko zara irailaren 3an edo 10ean 12:00-14:00 bitartean; edota irailaren 15ean arratsaldeko 7etatik 9etara bitartean.

Kontzertu solidarioa

Tonbolak izandako arrakasta alde batera utzita, udari amaiera borobila emateko kontzertu solidarioa antolatu du Caritas elkarteak. Azken ekitaldi hau irailaren 9an izango da Debako Santa Maria Elizan eta bertako protagonista nagusia Amancio Prada konpositore leondarra izango da.

Deban emango duen kontzertuan berak musikatutako San Juan de la Cruzen poesiak interpretatuko ditu; espiritualtasuna eta elkartasuna hartuz bere testuen gai nagusitzat. Cántico Espiritual de San Juan de la Cruz Segovian estreinatu zuenetik 40 urte bete dira aurten eta ordutik, mundu guztian zehar interpretatu du kantika, 300 eszenatoki baino gehiagotan.

Prada (ahotsa eta gitarra) ez da bakarrik igoko oholtzara; berarekin egongo baitira Juan Luis Gallego biolinean eta Rafael Dominguez biolontxeloan.

Ekitaldi honetara gerturatu nahi duen orok sarrera erosi beharko du aurrez. Tiketak dagoeneko salgai daude turismo bulegoan edota www.amanciopradadeba.com webgunean.

Kontzertu honetatik jasotako dirua Debako Caritasek martxan dituen proiektuetara bideratuko da; pobreziak edota bazterkeriak jotako pertsonekin bizirauteko eta gizarteratzeko proiektuetara, hain zuzen. Besteren artean, elikagaien bankura, baratza proiektura, alfabetatze proiektura...