Debako gazteen aisialdirako lonjak arautzen dituen ordenantza onartu du udalbatzak aho batez

2022/01/28
Atzo, urtarrilak 27, egindako ohiko osoko bilkuran landutako gai guztiak aho batez onartu zituen Debako udalbatzak, tartean gazteen aisialdirako lonjen erabilera arautzen duen ordenantza.

Azken urteetan gazteentzako lonja kopuruak nabarmen egin du gora Debako udalerrian. Gazteak geroz eta gehiago elkartzen dira etxebizitzetako edo bestelako eraikinetako beheko solairuetako lonjetan aisialdiaz gozatzera. Hala ere, batzuetan, gazteek lonja horiek erabiltzeak, zenbait ondorio ekartzen ditu eta gatazkak sortzen dira lonjetako erabiltzaileen eta etxebizitzetako bizilagunen artean, zaratagatik, garbitasun faltagatik, pertsonak etengabe sartu eta irteten direlako, etab. 

Horrez gain, kasu askotan, lonjaren edo lonjen alboko eraikinek ez dituzte egiturazko baldintza egokiak betetzen, ez eta oinarrizko garbitasun edota segurtasun baldintzak ere. Beraz, lonjak zein baldintzetan erabili behar diren arautzeko Ordenantza behar dela ikusita hori osatzen jardun du Udalak eta onartu berri du udalbatza osoak. 

Gazteek ondo pasatzeko duten eskubidea eta bizilagunek lasai egoteko eta atseden hartzeko dutena uztartzeko, eta instalazioen eta lonjen segurtasun baldintzak bermatzeko onartu da. Helburua baita, hain zuzen ere, aisialdiko lonjek, segurtasun eta higiene aldetik bete behar dituzten gutxieneko baldintzak testu bakarrean jasotzea, eta lonjak darabiltenentzat eta etxe barruko bizilagunentzat gogaikarritasun eta arrisku-mota guztiak saihestea. 

Ordenantza indarrean sartuko da bere testu osoa behin betiko gisa GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean. 

Beste bi ordenantzetan proposatutako aldaketak ere onartu zituen udalbatzak. Batetik, herriko gune arautuetan ibilgailuak aparkatzean jabego publikoa erabili edo aprobetxatzeari buruzko ordenantzaren (TAO) aldaketa ere onartu zen. 2021. urteko udarako egin zen moldaketatik abiatuta proposatu dira aldaketak. Bestetik, Debako hondartzaren (Santiago eta Lapari) erabilera erregimena arautzen duen ordenantzaren aldaketa.