Debako haur eta gazteekin hartu-emanean aritu da aste honetan Debako Udala
2025ko maiatzaren 9aAtzo “Pleno Txikia” ospatu zen, eta Luzaro ikastetxeko ikasleek 2030eko Eskola Agenda ekimenaren baitan egindako lana aurkeztu zeieten udal ordezkariei. Halaber, gaur DBH 2 mailako Mendata Institutuko ikasleekin egin dute udal ordezkariek bilera, udal aurrekontuen funtzionamendua azaltzeko.
Debako Udala herriko haur eta gazteekin hartu-emanean aritu da azken egunotan, hain zuzen, azken bi egunotan; atzo, osteguna, maiatzak 8, “Pleno Txikia” ospatu zen udaletxean eta bertan Luzaro ikastetxeko ikasleek 2030eko Eskola Agendarekin lotutako lanak aurkeztu zituzten. Gaur, ostirala, udal arduradunak Mendata institutura joan dira, DBHko 2. mailako ikasleei udal aurrekontuekin lotutako guztia ezagutzera emateko: zer diren, nola osatzen eta egituratzen diren...
Eskolako 2030 Agenda: Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsua
Debako Luzaro Ikastetxeko ikasleek Eskolako Agenda 2030 ekimenean lan egin dute 2024-2025 ikasturtean, eta ekoizpen eta kontsumo arduratsua izan dute ikasgai. Hezkuntza-proposamen horren bidez, ikasleek kontsumo-erabakiek ingurumenean eta gizartean duten eraginari buruz hausnartu dute, eta hainbat jarduera eta konpromiso gauzatu dituzte beren ikastetxean.
Horrela, atzo Udaletxean egindako “Pleno Txikian”, ikasleek beren lanaren emaitzak eta proposamenak aurkeztu zizkieten udal ordezkariei. Saio horretan, ikasleek Deban jasangarritasuna hobetzeko moduari buruzko ideiak planteatzeko aukera izan zuten, hala nola tokiko produktuak sustatzea, hondakinak murriztea eta baliabideak arduraz erabiltzea. Alkateak eta udal gobernuko zinegotziek ikasleen iradokizunei erantzun zieten, eta jasangarritasunean oinarritutako hezkuntza sustatzen duten ekimenak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten.
50/50 Euronet: Energia aurreztea
2023-2024 ikasturtean, ikasleek Euronet 50/50 programan parte hartu zuten eta bertan lortutak emaitzak ere atzo egindako bilkuran azaldu ziren. Euronet 50/50 Europako proiektu bat da, eta eraikin publikoetan energia aurreztea sustatzen du, energiaren erabileran eta kudeaketan jardunbide egokiak aplikatuz. Udalak eta ikastetxeak hitzarmena sinatu, eta Udalak konpromisoa hartu zuen lortutako aurrezki ekonomikoen % 50 itzultzeko. Gauzak horrela, Luzaro ikastetxeak 1.500 € lortu ditu.
Udal Aurrekontuak: Gazteekin batera lan eginez
Debako Udalak udalerriko gazteen hezkuntza-zibikoa ere indartzen ari da, horretarako Debako aurrekontu parte-hartzaileetan ikasleen partaidetza sustatuz. Ildo horretan, gaur, udal arduradunak Mendata institutura joan dira, eta DBHko 2. mailako ikasleekin elkartu dira, udal aurrekontuen funtzionamendua argi eta erraz azaltzeko. Saio honetan, gazteek aurrekontuak zer diren, nola egituratzen diren, diru publikoa zertara bideratzen den eta eguneroko bizitzan duten eragin zuzena ulertu ahal izan dute.
Bilera honen helburua izan da kudeaketa publikoa Debako gazteei hurbiltzea, gardentasunez, gazteek beren inguruan eragina duten erabakiak hartzean aktiboki parte har dezaten sustatuz. Horrela, Udalak herritar informatuagoak eta prozesu demokratikoekin konprometituagoak sustatzen ditu.
Debako Udalak gazteak garrantzi handiko gaietan, hala nola jasangarritasunean eta kudeaketa publikoan, inplikatzeko hartutako konpromisoaren adibide garbia dira topaketa hauek. Ekimen horiei esker, udalerriko gazteek tresnak eta ezagutzak eskuratzen dituzte, herritar aktiboak, arduratsuak eta beren udalerriarekin eta ingurunearen etorkizunarekin konprometituak izateko.