Debako hondartzetako zerbitzuen balorazio positiboa egin dute erabiltzaileek eta hobekuntzak proposatu dituzte zerbitzuak optimizatzeko
2024ko urriaren 28aUda ostean Debako Udalak zabaldutako inkestan parte hartu duten gehienek instalazioen eta zerbitzuen kalitatea azpimarratu dute, eta hainbat hobekuntza proposatu dituzte, esaterako, kirol-ekipamendu gehiago ezartzea, Hondargain kafetegiaren ordutegia luzatzea, eta oinetarako dutxa eta garbiketa-puntu gehiago gehitzea. Udalak eskerrak eman dizkie galdetegia erantzun duten herritarrei, eta datorren urtean zerbitzua hobetzen jarraitzeko jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuko dituela nabarmendu du.
Uda denboraldia amaitzean, Debako Udalak hondartzen erabiltzaileei zuzendutako galdetegia zabaldu duen, haien iritzi zein ekarpenak ezagutu eta jasotzeko eta, datozen urteei begira, zerbitzu horiek hobetzen jarraitzeko helburuz.
Hala, galdetegi horren emaitzetatik eratorritako balorazioa egin du Udalak. Guztira, Udalak 143 erantzun jaso ditu; horietatik % 75,5 Debako eta Itziarko bizilagunei dagozkie, eta % 15,5 bisitariei. Inkestak, beraz, herritarren parte-hartze aktiboa jaso du.
Kirol-instalazio bikainak
Kirol instalazioen kalitatea izan da, inkesta erantzun dutenen artean, hobekien baloratutako zerbitzuetako bat, %66,5ek "oso on" edo "bikain" gisa kalifikatu baititu. Hala ere, 25 urtetik beherakoen artean, kirol-ekipamenduak handitzeko proposamena egin dute, hondartzako hainbat tokitan sare gehiago eta beste kirol-elementu batzuk jartzea proposatuz.
Iritzi banatuak toldoen inguruan
Toldo-zerbitzuari dagokionez (aurten 240 unitatetik 150era murriztu da), iritziak banatuta daude: %39k nahiago luke aurreko kopurura itzultzea, eta %31k, berriz, positiboki ikusi du toldo kopuruaren aldaketa. Gainera, Udalak hainbat eskaera jaso ditu toldoak ireki eta ixteko sistema hobetzeko, edo ordutegiak egokitzeko.
Hobekuntza proposamenei jarraiki, dutxa edota oinen garbiketa zerbitzuari lotuta ere hainbat eskaera jaso ditu Udalak. Zerbitzua oro har ondo baloratu den arren, erabiltzaile batzuek uraren presioarekin arazoak izan dituztela adierazi dute. Nabarmendutako proposamenen artean, oinak garbitzeko dutxa eta puntu gehiago jartzea dago, baita edateko ez den ura erabiltzea ere, baliabideak aurrezteko helburuarekin.
Ur-kirolak
Uretako kirol-eremuei dagokienez, horretarako hondartzetan jasotako espazioa berrikusi edota egokitu beharko litzatekeela uste du %38ak. Poposamenen artean, jarduera bakoitzerako eremuak hobeto bereiztea eta olatuen egoeraren arabera erabilera desberdinetarako ordutegi espezifikoak ezartzea aipatzen dira.
Itsas salbamendua
Salbamendu-zerbitzua orokorrean ondo baloratu da, eta sorosleen jarduera azkarra eta eraginkorra azpimarratu dute.
Zerbitzuak hobetzen jarraitzea, Udalaren lehentasun nagusia
Azkenik, Debako Udalak hainbat proposamen jaso ditu, besteak beste, komunen egoera hobetzea eta dunaren funtzioari buruzko informazioa zabaltzea. Hori dela eta, Udalak eskerrak eman nahi dizkie inkestan parte hartu eta iradokizunak egin dituztenei, eta azpimarratu du proposamen horiek kontuan hartuko dituela hondartzak hobetzen jarraitzeko, jasangarritasunarekiko konpromisoa mantenduz.