Debako Nesken Pala Txapelketaren XI. edizioa izango da jokoan larunbatean
2023ko abenduaren 14aJardunaldia goizeko 10:30etan hasiko da Aldats pilotalekuan eta aurtengo edizioa ere Maite Etxeberria debarraren oroimenez izango da.
Deban jokatuko da larunbatean XI. Debako Nesken Pala Txapelketa, aurten ere, Maite Etxeberriaren omenez. Final handia Aldats pilotalekuan jokatuko da beraz abenduaren 16an, eta ohi bezala, kirol jardunaldi ikusgarria izatea espero da.
XI. edizioa goizeko 10:30etan hasiko da parte-hartzaileen aurkezpenarekin eta bigarren mailako partiduarekin. Norgehiagoka ikusgarri honetan, Marilu Albizu eta Itziar Albizu bikote debarrak Edurne Osa zizurkildarraren eta Amaia Gonzalez andoaindarraren aurka jokatuko du.
Bi partiduen arteko atsedenaldian, euskararen aldeko pilotakada egingo da, gure hizkuntzaren eta kulturaren erabilera eta errespetua sustatzeko helburuarekin.
Ondoren, lehen mailako partida jokatuko da. Yoli Mateos eta Maria Badioala elgoibartarrek Iratxe Barruetabeña eta Maite Barruetabeña mutrikuarrak izango dituzte aurrez aurre, pilotarien arteko lehia eta trebezia agerian izango den partiduan.
Udalak debarrei eta kirola maite duten pertsona guztiei luzatu die gonbidapena, Maite Etxeberriaren oroimenezko pala jardunaldira gerturatu daitezen. Halako partidek izaten duten emozioaz gozatzeko aukera izango dute, eta baita Maite Etxeberria debarra oroitzeko aukera ere.