Debako Udal Musika eta Dantza Eskolak zabaldu du 2020-2021 ikasturterako matrikulazio epea

2020ko ekainaren 10aDebako Udal Musika eta Dantza Eskolak zabaldu du 2020-2021 ikasturterako matrikulazio epea

Debako Udal Musika eta Dantza Eskolako 2020-21 ikasturterako izen-emate epea ekainaren 19ra arte egongo da zabalik. Lehentasuna, online edo telefono bidezko matrikulazioari emango zaio. Bizi dugun egoera aintzat hartuta, Debako udalak erabaki du matrikuletan %50eko deskontua egitea.

Ikasturte berrirako izen-ematea zabalik dago jada. Koronabirusak eragindako egoera dela eta, online matrikulazio ereduari emango zaio lehentasuna. Zerbitzua eguneko 24 orduetan egongo da eskuragarri ekainaren 19ra arte. Era berean, telefonoz egin ahal izango da 943 192 016 zenbakian, eskola-ordutegian, alegia, 13:30etik 18:30era. Izena emateko, inprimaki hau bete beharko da: (https://forms.gle/47RU9BmLPG85Z7Le6) eta/edo inskripzio-orria (pdf formatuan). Bete ondoren, Deba Musikaleko posta elektronikora, musikaeskola@deba.eus helbidera bidali behar da.

Koronabirusak eragindako egoera arintzeko eta familiak laguntzeko asmoz, Debako udalak hainbat neurri ekonomiko hartu ditu, tartean, Udal Musika eta Dantza Eskolako matrikuletan %50eko deskontua egitea.

Ekainaren 19tik aurrerako matrikula-orriak onartuko dira, baina epean matrikulatuekiko lehentasuna galduko dute. Bestalde, instrumentuetan matrikulatu ahal izateko honako irizpideak hartuko dira kontuan, lehentasunak jartzeko orduan:

Instrumentuz aldatzeko zain, itxaron zerrendan dauden ikasleak: 

  • Lehen nibeleko lehenengo mailan hasten diren barne ikasleak

  • Barne-ikasleak

  • Eskola kanpoko ikasleak

  • Bigarren instrumentua

  • Herritik kanpoko ikasleak

Musika-tresnei dagokienez, aukera zabala eskaintzen du Debako musika eskolak; haize-metalezkoak (tuba, bonbardinoa, tronboia, tronpeta, tronpa), haize-zurezkoak (saxofoia, klarinetea, flauta, oboea), perkusioa, harizkoak (biolina, gitarra, baxu elektrikoa), polifonikoak (pianoa eta eskusoinua), folklorea (gaita, gaita-danborra, trikitia, panderoa eta txistua), kantua eta euskal dantza.

Edozein zalantza argitu edota informazio gehiago eskuratzeko, 943 192 016 telefonora dei daiteke edota musikaeskola@deba.eus helbide elektronikora idatzi.