Debako Udala herriko familiekin kudeatzen ari da Amillagako gorpuzkien lekualdatzea Artzabalgo hilerrira

2024ko maiatzaren 7aDebako Udala herriko familiekin kudeatzen ari da Amillagako gorpuzkien lekualdatzea Artzabalgo hilerrira

Prozesuaren baitan informazio-gutun bat bidali zaie eragindako familiei, lekualdaketarako prozeduraren xehetasun eta aukeren inguruko azalpenekin. Udalak dei egiten die lekualdatzeak eragiten dien pertsona eta familiei, gutuna jaso ez badute udalarekin harremanetan jar daitezen gai hori aztertzeko.

Badira dagoeneko bi urte inguru Artzabalgo hilerria zabaldu zenetik eta horri lotuta, Debako Udalak jada herritarrei jakinarazi dien moduan, Amillagako hilerria itxi egingo du.


Itxiera prozesuaren baitan, Amillagan lurperatutako pertsonen lekualdatzea ari da kudeatzen Udala, herriko familiekin batera, lekualdaketa hori ahalik eta modurik errespetuzkoenean eta ordenatuenean egiteko. Horretarako, joan den martxoan gutun bat bidali zitzaien familia horiei guztiei, errautsak lekualdatzeko edo birkokatzeko prozeduraren eta aukerei inguruko xehetasunekin.


Gutun horren harira, jakinarazpen hori jaso ez duten pertsona edo familiei dei egiten die Udalak, erakundearekin zuzenean harremanetan jar daitezen, behar duten informazio guztia lortzeko eta lekualdaketari buruzko lehentasunak behar bezala betetzen direla ziurtatzeko. Lehentasun horien inguruko adierazpen zehatzik ez balego, Udalak gorpuzkiak lurpetik atera eta erraustuko ditu, eta errautsak kolunbario komun batean utziko ditu.


Azkenik, berriro azpimarratu behar da prozesu hori seriotasun eta errespetu handienarekin egingo dela eta Udala familia guztien eskura dagoela edozein kontsultari erantzuteko eta trantsizio honetan behar duten laguntza eskaintzeko.