Debako udala plana lantzen ari da egoera bere onera bueltatzen denerako

2020ko apirilaren 24aDebako udala plana lantzen ari da egoera bere onera bueltatzen denerako

Orain bizitzen ari garen osasun alarma egoerak, epe laburrean eragiteaz gain, epe ertain, eta ziurrenik luzean ere, eragina izango du, adituek esan dutenez. Gilen Garcia alkateak orain egun batzuk adierazi bezala, Debako udala lanean ari da aurrera begira, ahal den neurrian ondorioak aurreikusten eta herritarrengan egoera honek izango duen eragin kaltegarria zein neurrietan arindu dezakeen aztertzen. Udala osatzen duten beste alderdiekin elkarlanean, neurri ekonomikoak lantzen ari da, besteak beste, udal aurrekontua doitzea.

Egoerak eskatzen duen formatuan, alegia, modu telematikoan, udaleko sail desberdinek pixkanaka ohiko gaiei heltzen ari zaizkie. Eta, batzordeetako bilerak egiten ari dira. Ogasun batzordeak hiru batzar egin ditu jadanik. Izan ere, jakina da covid-19ak utziko duen eragin kaltegarrietako bat ekonomikoa izango dela. Eta aurreikus daiteke, gainera, hainbat arlotan ez dela nolanahikoa izango. Hori aintzat hartuta, Debako udalaren aurrekontua nola doitu lantzen ari dira udaleko hiru alderdi politikoak elkarlanean. 

Une honetan jakina da Debako udalak Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen duen ekarpena txikiagoa izango dela eta ondorioz, egoera estuagoa izango dela. Beraz, aurrekontua ere egoera berrira doitzen ari da udala.