Debako Udalak 113.000 eurotik gorako dirulaguntza jasoko du hondartzen kudeaketarako, Foru Aldundiarekin sinatutako akordio historikoari esker

2025ko irailaren 15aDebako Udalak 113.000 eurotik gorako dirulaguntza jasoko du hondartzen kudeaketarako, Foru Aldundiarekin sinatutako akordio historikoari esker

Maiatzean sinatutako hitzarmenari esker, 2025ean, 700.000 euroko dirulaguntza jarriko du Aldundiak, kostaldeko udalerrien artean banatzeko eta Debaren kasuan, 113.028,43 euro jasoko ditu. Datorren urtetik aurrera, halaber, dirulaguntza hori areagotu egingo da eta hondartzako oinarrizko zerbitzuen %75 finantzatuko da Debarentzat, hala nola garbiketa, sorospena eta bainu egokitua.

Debako Udalak 113.028,43 euroko dirulaguntza jaso du, Gipuzkoako Foru Aldundiak hondartzen kudeaketa integralerako abian jarritako finantzaketa-plan berriaren baitan. Laguntza honek oinarrizko zerbitzuak estaliko ditu, hala nola sorospen zerbitzua, bainu egokitua eta garbiketa, eta aurtengo maiatzean kostaldeko udalerriek eta Foru Aldunciak sinatutako akordio estrategikoaren emaitza zuzena da.

Akordio historiko hori, Debak Gipuzkoako kostaldeko beste sei udalerrirekin batera sinatu zuen eta mugarri izan da hondartzen kudeaketari dagokionean. Izan ere, hitzarmen horri esker, lehen aldiz, Aldundiak bere gain hartuko du orain arte ia bere osotasunean Udalen esku egon diren zerbitzu horien kostuaren zatirik handiena. Horri esker, aurrezki ekonomiko esanguratsua izango dute udal-kutxek.

2025eko partida ekonomikoa, guztira 700.000 eurokoa da eta kostaldeko udalerrien artean banatuko da, biztanleria eta kudeatutako hondakinen bolumena kontuan hartuta. Debaren kasuan, 26.000 euro garbiketa eta hondakinetarako izango dira, eta beste 87.028,43 euro gastu arruntetarako zein zerbitzu eta ekipamenduetan egindako inbertsioetarako.

Datorren urtetik aurrera, halaber, Debaren kasu zehatzean, 5.000 eta 10.000 biztanle artean dituen udalerri gisa, Aldundiak hondartzaren mantentze-kostuen %75 estaliko du. Gainera, zuzenean arduratuko da hondakinak biltzeaz eta kudeatzeaz, bai hondartzan, bai ingurune naturalean, itsas eta ibai-eremuak barne.

Alazne Txurruka alkateak akordioa sinatu zenean adierazi bezala, neurri horri esker Debako Udalak ez du bakarrik bere gain hartu beharko hondartzaren erabilera eta gozamenaren kostua, bertan debarrak ez ezik bisitariak eta turistak ere biltzen baitira. “Akordio hau eta dirulaguntza hau gure udalerriaren interesen alde egindako lan irmo eta etengabearen emaitza dira”, nabarmendu du.

Eredu berri honek ez du soilik hondartzako kalitatezko zerbitzuak bermatzen, baizik eta udal baliabideak beste esparru batzuetara bideratzeko aukera ematen du, debarren bizi-kalitatea hobetzeko.