Debako Udalak aurtengo udarako kirol programa argitaratu du

2018ko ekainaren 7aDebako Udalak aurtengo udarako kirol programa argitaratu du

Surf, body board, arraun surf, zumba, krossfit eta xake ikastaroen eskaintza zabala prestatu du udal kirol zerbitzuak aurtengo udarako. Programa honen helburua da haur eta gazteek, ingurumenaz gozatu eta ikasten duten bitartean, udan kirola egitea.

Iristear da uda, eta berarekin batera, Uda Kirola 2018 programa! Urtero bezalaxe, Debako Udaleko kirol sailak hainbat ikastaro eskainiko ditu aurtengo udaran ere. Batetik, surfa, body-boarda eta arraun surfa bezalako ur-kirolak egiteko aukera egongo da hondartzan; eta bestetik, zumba edo krossfita, udal kiroldegian. Abuztuan, xakean jokatzeko aukera ere izango dute 6-12 urte bitartekoek.

Surf eta body board-eko ikastaroek bost eguneko iraupena izango dute; astelehenetik ostiralera bitartean. Lehen txandak ekainaren 25ean hasiko dira, eta abuztuaren 10era bitartean, asteko ikastaroak egingo dira, surfaren kasuan. Body board egin nahi dutenek, berriz, hiru aste bakarrik izango dituzte aukeran; uztailaren 2tik 6ra, uztailaren 16tik 20ra eta abuzutuaren 6tik 10era. Stand up paddle edo arraun surfeko ikastaroak bi egunekoak izango dira, eta bi ordu emango dira saio bakoitzean. Data eta ordutegi zehatzak turismo bulegoan kontsulta daitezke.

  • Surfa (8-16 urte bitartekoentzat):

    • Bi txanda, goizez: 10:00-11:30 eta 11:30-13:00

    • Prezioa: 55 €*

    • Taldea osatzeko gutxieneko pertsona kopurua: 5

    • Beharrezkoa da igerian jakitea

  • Body board (6-16 urte bitartekoentzat):

    • Txanda bakarra, arratsaldez: 17:00-18:30

    • Prezioa: 55 €*

    • Taldea osatzeko gutxieneko pertsona kopurua: 5

    • Beharrezkoa da igerian jakitea

  • Xakea (6-12 urte bitartekoentzat):

    • Noiz: abuztuaren 6tik 10era

    • Prezioa: 8 €

    • Ordutegia: 16:30-18:00

  • Stand up paddle (14 urtetik gorakoentzat):

    • Data eta ordutegi zabala (kontsultatu)

    • Prezioa: 40€

    • Taldea osatzeko gutxieneko pertsona kopurua: 4

    • Beharrezkoa da igerian jakitea

*Debako haur eta gazteentzat lehen ikastaroak prezio berezia izango du.

Izen-ematea turismo bulegoan egin beharko da. Horretarako, izen-emate orria dagokion bezala bete, eta eskuorrian azaltzen den kontu korrontean egindako transferentziaren ordainagiriarekin batera entregatu beharko da. Izena emateko epea datorren astelehenean, 2018ko ekainaren 11n, hasiko da Debako haurrentzat. Gainontzekoen kasurako, aldiz, astebete beranduago; hilaren 18an, hain zuzen ere.

Informazio gehiago behar izanez gero, deitu 943 19 24 52 telefonora edo idatzi turismoa@deba.eus helbidera.

Oharra: emailez edo telefonoz jasotako eskaerak kontuan hartuko ditugu; baina lehentasuna emango diegu bulegora hurbiltzen direnei.

Krossfit eta zumba

Ekintza hauek udal kiroldegian eskainiko dira uztailean zehar. Ordainketa eta izen-ematea ere bertan egin beharko dira.

  • Krossfit (15-18 urte bitartekoentzat):

    • Noiz: astelehena, asteazkena eta ostirala

    • Ordutegia: 11:00 – 12:00

    • Prezioa: 25 €

  • Zumba (12-18 urte bitartekoentzat):

    • Noiz: asteartea eta osteguna

    • Ordutegia: 11:00-12:00

    • Prezioa: 18 €

Udan Futbola

Debako Udaleko kirol sailak antolatutako ikastaroez gain, Amaikak Bat Kirol Elkarteak futbol udalekuak prestatu ditu. Aurten 2007, 2008, 2009 eta 2010ean jaiotako haurrek gozatu ahal izango dute futbolaz uztailean zehar.

Ikastaroaren iraupena hilabetekoa da; hau da, uztaileko lau astetan zehar 8 saio izango dituzte animatzen diren haurrek, bi saio astean. 50€-ko prezioa izango dute, eta izen-ematea turismo bulegoan egin beharko da, ekainaren 25a baino lehen.

Ekainaren 26an aurkezpen bilera egingo da apuntatu diren haurren gurasoekin, 19:00etan, kultur elkarteko areto nagusian.

Saskibaloi kanpusa

Bestalde, Debasket saskibaloi klubak, Beasaingo BKL taldearekin elkarlanean, saskibaloi kanpusa prestatu du ekaineko azken asterako (23tik 29ra). Saskibaloian bakarkako teknikak, bakarkako zein taldeko taktikak eta oinarri fisikoak lantzeko helburuarekin, 2003 eta 2007. urteen artean jaiotako haurrei zuzendutako ikastaroak izango dira. Informazio guztia debasketsk@gmail.com helbidean.