Debako Udalak bizikidetzarako eta errespeturako deia egin du herritarren atsedena bermatzeko

2025ko abuztuaren 5aDebako Udalak bizikidetzarako eta errespeturako deia egin du herritarren atsedena bermatzeko

Udalak gogorarazi du errespetuan bizitzeak arduraz jokatzea dakarrela, batez ere gaueko zaratari dagokionean espazio publikoetan eta bizitegi-eremuetan.

Azken asteotan herritarrengandik jasotako kexa ugariei erantzunez, Debako Udalak elkarbizitzarekiko debarren  konpromisoa eskatu du, elkarrekiko errespeturako dei argia eginez, batez ere udako gauetan.

Izan ere, azkenaldian, herritar ugari haserre azaldu dira espazio publiko eta bizitegi-eremuetan musika altuak gauez eragindako zaratengatik, atseden hartzea eragozten baitie bertako bizilagunei. Gertakari horietako batzuk gaueko jarduera luzatzen duten talde edo baimendutako zarata-mailak gainditzen dituzten ostalaritza-establezimenduetatik datoz.

Udalak gogorarazten du atsedena hartzeko eskubidea funtsezkoa dela eta errespetuan bizitzeak ingurunearen ongizatea kontuan hartzea eskatzen duela. "Herri bizi eta abegikor bat nahi dugu, baina hori atseden hartu nahi dutenei zor zaien errespetuaren eskutik joan behar da", adierazi du Alazne Txurruka alkateak.

Dei honi laguntzeko, Udalak sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian, euskarazko eta gaztelaniazko kartelekin, eta udalerriko hainbat establezimendutan banatuko dira. Helburua da errespetu akustikoaren garrantziari buruzko kontzientzia sustatzea, bizikidetza sustatzeko.

Debako Udalak dei egiten die, beraz, herritarrei zeregin horretan aktiboki laguntzeko, bizikidetza guztion ardura dela gogoraraziz.