Debako Udalak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoak herrian botiken erabilera hobetzeko akordioa sinatu dute
2024ko abenduaren 23aAkordio hau aitzindaria da Deban eta horri esker, aurrerantzean, herriko bi farmazietan Dosifikazio Sistema Pertsonalizatuak (DSP) prestatzeko zerbitzua eskainiko da, baita tratamendu farmazeutikoen berrikuspena eta jarraipen zehatza ere. Hitzarmenaren helburua da etxez etxeko laguntza jasotzen duten edo gizarte-harrera zentroetan bizi diren pertsonen tratamendu farmazeutikoen segurtasuna eta eraginkortasuna areagotzea da.
Debarren bizi-kalitatea hobetzeko apustuari jarraiki, Debako Udalak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur. Lehen aldia da bi erakundeen arteko hitzarmen bat sinatzen dela eta horren bitartez, lankidetza-esparru bat zabaldu dute, etxez etxeko laguntza-zerbitzuen eta gizarte-zerbitzuen erabiltzaile diren pertsonek botikak modu seguruan eta eraginkorrean erabil ditzaten bermatzeko. Akordio aitzindari honek Debako Udalak adinekoen eta egoera zaurgarrian dauden pertsonen ongizatearekiko eta zaintzarekiko duen konpromisoa berresten du.
Sinadura-ekitaldia Debako Udalean izan da, eta bertan izan dira Alazne Txurruka Allika alkatea, Eusko Jaurlaritzako Farmazia zuzendaria, Jon Iñaki Betolaza, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko presidentea, Miguel Ángel Gastelurrutia Garralda eta Debako bi farmazietako arduradunak, Amaia Zalduegi eta Iart Burgoa. Hitzarmen honen bidez, botiken erabilera optimizatzeko programa bat ezarriko da, behar duten pertsonei segurtasuna, administrazio zuzena eta eraginkortasuna bermatuz.
Debaren atxikipenarekin, Gipuzkoako 47 udalerrik parte hartzen dute jada programan, 580 gipuzkoarri zerbitzua ematen.
Botiken erabilera seguru eta eraginkorra bermatzeko akordioa
Hitzarmen honen helburua da medikamentuen erabilera eta kontrola hobetzea. Horretarako, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialak aukeratuta, herriko bi farmaziek, Burgoa eta Zalduegik hartuko dute programa horretan.
Hala, aipatu bi farmaziek, aurrerantzean, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak (SPD) prestatuko dituzte etxez etxeko laguntza jasotzen duten edo gizarte-harrera zentroetan bizi diren pertsonentzat. Sistema hauei esker, onuradunek botikak modu ordenatuan eta seguruan hartu ahal izango dituzte, egunak eta ordutegiak jarraituz. Horrek, medikamentuak modu egokian banatu eta hartzea erraztuko du, bai hartzaileentzat, bai haien zaintzaileentzat ere.
Horrez gain, farmaziek medikuek agindutako tratamenduak berrikusiko dituzte arazo posibleak identifikatzeko, hala nola, bikoiztasunak edo dosifikazio-erroreak. Gorabeherak antzemanez gero, farmazialariek medikuarekin harremanetan jarriko dira, tratamenduen eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzeko egokitzapenak proposatzeko.
Bestalde, farmaziek onuradunen etengabeko jarraipena egingo dute, medikamentuen erabilerari, tratamenduarekiko atxikimenduari eta pazientearen bilakaerari buruzko informazio garrantzitsua erregistratuz. Jarraipen hori hilero jakinaraziko zaio Farmazialarien Elkargoari, programaren ebaluazioa bermatzeko.
Debarren bizi-kalitatearen aldeko beste urrats bat
Debako alkateak, Alazne Txurrukak, akordio honen garrantzia azpimarratu du, hitzarmenaren sinadura, zaintzaren, osasunaren eta ongizatearen arloan, "mugarri garrantzitsua" dela nabarmenduz. Txurrukaren hitzetan, "Lehen aldiz, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoarekin lankidetzan ari gara, medikamentuen erabilera arrazionala eta segurua bezalakoa den funtsezko alderdi bati modu integralean eranntzuteko. Honek gure udalerriko adineko pertsonen zaintzarekiko dugun konpromiso sendoa erakusten du, haien bizi-kalitatea hobetuz eta botika edo tratamenduen erabilerarako erraztasunak eskainiz".
Hitzarmena 2025eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, urtez urte berritzeko aukerarekin. Gainera, bere ezarpena gainbegiratzeko eta helburuak behar bezala betetzen direla bermatzeko ebaluazio-batzorde bat jarriko da martxan.