Debako Udalak etxebizitzen alokairura bideratutako laguntzak onartu ditu, hainbat aldaketekin, horien irismena areagotzeko helburuz

2024ko apirilaren 26aDebako Udalak etxebizitzen alokairura bideratutako laguntzak onartu ditu, hainbat aldaketekin, horien irismena areagotzeko helburuz

Laguntzen oinarrietan ezarritako hainbat irizpide eguneratu ditu, hala nola, bizikidetza-unitatearen definizioa edo laguntza jaso ahal izateko diru-sarrera guztien eta haztatuen zenbatekoa, besteak beste. Oinarriak egokituz, herritarren egungo errealitateari erantzungo dion laguntza-lerroa eskaini eta dirulaguntzaren irismena zabaldu nahi du Udalak, debar gehiago izan daitezen horien onuradun.

Debako Udalak alokairura bideratutako laguntzen oinarri berriak onartu zituen atzoko osoko bilkuran. Iazkoekin alderatuta, aurtengo oinarriek hainbat aldaketa jasotzen dituzte, debar gehiagok jaso ahal dezaten laguntza hori.

Izan ere, joan den urtean, oinarri zaharrean jasotako irizpideei jarraiki, bi laguntza baino ez ziren eman ahal izan,  herritarren benetako premien eta ezarritako oinarrien arteko gabeziak agerian utziz.


Eguneratutako laguntzen xehetasunak eta baldintzak

Egungo deialdiaren helburu nagusia da alokairuan dauden etxebizitzetara sarbidea erraztea. Izan ere, egungo testuinguruan, gero eta familia gehiago dira horretarako edota ohiko etxebizitza alokatzearen kostua ordaintzeko zailtasunak dituztenak eta laguntza hauek, hain zuzen, pertsona eta bizikidetza-unitate horiei daude zuzenduta. Zehazki laguntza eskatu dezakete: 18 eta 35 urte bitarteko pertsonek, mugikortasun urria dutenek, bananduta edo dibortziatuta daudenek, 70 urtetik gorakoek eta alargunek.


Hala, aldaketarik esanguratsuenak bizikidetza-unitatearen definizioan eta diru-sarrerei dagozkien ataletan egin dira. Horri jarraiki, aurrerantzean, bizikidetza-unitatea etxebizitza berean bizi diren pertsona guztiek osatuko dute, ezkonduta egon, ala ez.   


Irizpide ekonomikoei dagokienez, aurreko oinarriek ez zuten behar bezala islatzen eskatzaileen egoera ekonomikoa. Orain, laneko diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan, Gizarte Segurantzako kotizazioak kenduta, eta kapital-interesak gehituko zaizkie, ebaluazio osoagoa eta bidezkoagoa egiteko. Gainera, diru-sarrera haztatuen muga handitu egin da, eta, horri esker, lagun gehiagok jaso ahal izango dituzte laguntzak.


Horrekin batera, aurrerantzean, laguntzak eskatzeko garaian ez da alokairuaren gehieneko prezio bat egongo eta ez zaio, nahitaez, Gaztelagun programari uko egin beharko. Hau da, Gaztelaguneko laguntzak eta Udalak bateragarriak eta osagarriak izan daitezke. Hori bai, edozein kasutan, beharrezkoa izango da Etxebiden izena emanda jarraitzea.


Aldaketa horiekin, laguntzen irismena handitu eta herritar gehiagorengana zabaltzea espero du Udalak, debarren egungo etxebizitza beharrei erantzuteko.