Debako Udalak gaueko atsedenaldia errespetatzeko eta elkarbizitza zaintzeko deia egin du
2026ko uztailaren 23aUdalak gaueko zaratak saihesteko eta auzokideen atseden-eskubidea errespetatzea ezinbestekoa dela gogorarazi die herritarrei
Azken asteotan jasotako hainbat kexa direla eta, Debako Udalak herritarrei dei egiten die gaueko ordutegietan zarata-mailak kontrolatzeko eta ingurukoen atseden-eskubidea errespetatzeko. Azkenaldian, hainbat bizilagunek adierazi dute kezka gaueko ordu txikietan kalean eta espazio publikoetan sortzen diren zaratengatik. Musika altuak, bozgorailuen erabilerak edo gaua aurrera joan ahala luzatzen diren jarduerek eragina dute inguruko pertsonen lasaitasunean eta atseden hartzeko eskubidean.
Debako Udalak gogorarazi nahi du espazio publikoak guztionak direla eta horien erabilerak ezin duela beste pertsonen atsedena eta ongizatea kaltetu. Deba herri bizia eta dinamikoa izatea bateragarria da bizilagunen lasaitasunarekin, baina horretarako ezinbestekoa da gaueko ordutegietan arduraz jokatzea eta sortzen den zarata saihestea.
Horrenbestez, Udalak herritarren eta udalerria bisitatzen duten pertsonen lankidetza eskatzen du, gaueko giroaz gozatzeko orduan ingurukoengan izan dezakeen eragina kontuan hartuz eta beharrezko neurriak hartuz. "Deba herri bizia izaten jarraitu nahi dugu, baina hori guztion erantzukizunetik eta elkarrekiko errespetutik eraiki behar dugu. Gaueko atsedenaldia zaintzea ere elkarbizitza zaintzea da", adierazi du Alazne Txurruka alkateak.
Mezu hori indartzeko, Debako Udalak sentsibilizazio-kanpaina bat jarriko du martxan, “Errespetuz bizitzea, besteen atsedena zaintzea ere bada” eta "Musika ez da festa ingurukoak molestatzen baditu" lelopean. Euskarazko eta gaztelaniazko kartelen bidez, herritarrei gogoraraziko zaie gaueko ordutegietan zarata saihestea eta ingurukoen atsedena errespetatzea guztion ardura dela.
Debako Udalak herritar guztien eta bisitarien lankidetza eskertu nahi du, udaz modu arduratsuan gozatzeko eta Deba guztiontzako herri atsegin, bizigarri eta errespetuzkoa izaten jarrai dezan.