Debako Udalak Manoli Iciar Caperochipi omendu du bere 100 urtebetetzean

2024ko martxoaren 7aDebako Udalak Manoli Iciar Caperochipi omendu du bere 100 urtebetetzean

● Ospakizuna Eguneko Zentroan egin da, eta bertan izan dira, udal ordezkariak, Debako txistulariak, Nagusilan eta Arbileko kideak, eta protagonistaren senide eta hurbilekoak.

Debako Udalak Manoli Iciar Caperochipi debarraren urtebetetze ospakizunean hartu du parte gaur,  Eguneko Zentroan egin den omenaldian. Manolik 100 urte bete ditu eta zoriontzeko helburuarekin, Alazne Txurruka alkateak eta Isidro Aristi Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko zinegotziak lore sorta bat oparitu diote, hain egun berezi honetan Debari egindako ekarpena aitortzeko.

Ekitaldian Debako txistulariek, Nagusilan eta Arbileko kideek, eta Manoliren senide eta hurbilekoek ere hartu dute parte.

Manoli Deban jaio bazen ere, denboraldi bat eman zuen Eibarren tailer batean lan egiten eta ilobak zaintzen. Bere ibilbide profesionala Plásticas Reiner-en garatu zuen, urte askotako dedikazioaren ondoren erretiroa hartu zuen lekuan. Hamaika anai-arrebez osatutako familia ugaria izan du Manolik, eta Manolo anaiarekin eta Arantxa koinatarekin batera 62 urtez bizitu izan zen.