Debako Udalak Osio gunerako hirigintza-plan berri bat onartu du

2017/01/27
Osio guneko Hiri Antolaketako Arauen aldaketa aho batez onartu du Udal korporazioak. Aurreikusitako eraikigarritasuna %25 murriztuz, 225 etxebizitza eta 518 garaje eraikitzea ahalbidetzen du proposamen berriak.

2016ko abenduaren 28an egin zen Osoko Bilkuran aho batez onartu zen udal gobernuak proposatutako Osio guneko hiri antolamendua aldatzea.

Onespen honi esker, Osioko ibarraren garapen eta hobekuntzarako bidea irekiko da; izan ere, 2009tik geldi zegoen aurreko antolamendua baliogabetzen zuen sententzia baten ondorioz. Aurreko korporazioek egoera honi irtenbidea emateko behin betiko akordiorik gauzatu ez zutenez, gune hau impasse egoeran zegoen eta horrek bere hirigintzako etorkitzuna guztiz baldintzatzen zuen.

Aldaketa nabarmenak

Aurreko Udal korporazioak 2014an egindako proposamenak 300 etxebizitza inguru egiteko plana hartzen zuen bere baitan: beheko solairua eta sei alturako (26 metro) eraikinekin, eta beheko solairua eta 11 alturakoak (36 metro) kalearen amaieran. Proposamen honen arabera, ibar estu honek, gaur egun daudenekin batera, ia 1000 bizilagun izango zituzkeen.

Gaur egun dauden etxebizitza kopuruaren neurrigabeko hazkuntza suposatuko luke horrek. Hori dela eta, egungo Udal Gobernuak erabat birplanteatu du proiektua eta azterketa sakon baten ondoren, aurreikusitako bizilagun kopurua gehiegizkotzat jo du gune horren ezaugarrietarako, zonalde estua eta laiotza baita. Horregatik guztiagatik, kopuru hori murriztu beharra dagoela uste izan du; honela, hiri-diseinu gizatiarragoa eta atseginagoa lortzeko; etorkizunean bizigarritasun oneko gunea izatea ahalbidetuko duena.

Hori horrela izanik, aurreikusitako eraikigarritasunaren % 25 murriztu da, 26.912 m²-ko azalera eraikigarria izatetik 20.041 m² izatera pasaz eta etxebizitza kopurua ere 300etik 225era murriztu da, gutxi gorabehera.

Lehengo korporazioak aurreikusitako beheko solairua eta zazpi alturako eraikinak, orain, beheko solairua eta bost alturako eraikinak izango lirateke; eta beheko solairua gehi 11 alturakoak, beheko solairua eta sei alturakoak. 2014ko aldaketa proposamenean ezarritako Babes Ofizialeko Etxebizitza eta Etxebizitza Tasatuen portzentajea, ordea, bere horretan mantenduko da. Hortaz, eraikiko diren etxeen guztizkoa kontuan hartuta, 103 BOE eta 48 ET eraikiko dira.

Garajeentzako plaza kopurua ere handitu egin da, etxebizitza bakoitzeko 1,5 plaza izatetik 2,33 plaza izateraino. Guztira 518 garaje egingo dira eta hauek eskuragai egongo dira herriguneko beste kaleetako bizilagunentzako ere, aparkaleku arazoak txikituz.

Maxpe etxea

Halaber, Maxpe etxea eta ibai ondoan duen lorategia berriro sartu dira Udalarentzat doako lagapen elementu gisa. Hori horrela izanik, zonaldea hiritartzeaz arduratuko den sustatzaileak etxearen jabetza konpentsatu beharko du (ondare historiko gisa baitago babestuta eta ezinezkoa da berau eraistea), ondoren Udalari lagatzeko.

Eraikin hau modu egokian moldatuz gero, kultura eta ibaiarekin lotura duten kirol-ekipamenduetarako erabil daiteke, edo beste edozein erabilera eman dakioke, betiere, bere momentuan erabakiko diren erabilerak.

Laburbilduz, egin diren aldaketek zonaldea hobetu egingo dute hirigintza aldetik eta herritarren bizitza kalitatean ere hobekuntzak ekarriko dituzte.