Debako Udalak tokiko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko lanean jarraituko du, sektoreari egindako zundaketaren ostean
2025ko maiatzaren 27aZundaketa honek ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuen sektorearen kezkak eta beharrak azaleratu ditu; horien artean nagusi dira sare sozialetako presentzia hobetzeko beharra edota digitalizazioa eta marketin estrategiak ezartzearen erronkak. Debako Udalak arretaz jaso ditu emaitza hauek eta, aurrerantzean ere arduraz lanean jarraituko du, tokiko ekonomia indartze aldera, sektorearen eskaerei eta beharrei erantzuteko hainbat proposamen eta neurri prestatu eta martxan jartzeko.
Debako Udalak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako negozioei zuzendutako zundaketa egin berri du, sektoreak azken urteotan izan duen bilakaera ezagutzeko eta haien kezkak, zalantzak eta beharrak ezagutu eta jasotzeko. Ekimen hau Debaren garapen ekonomiko eta sozialerako funtsezkoa den tokiko merkataritza eta ostalaritza jarduera bultzatzeko eta biziberritzeko udal estrategiaren parte da.
Zundaketaren emaitza nagusiak eta sektorearen eskaerak
Zundaketaren datuei erreparatuz, 57 establezimenduk osatzen dute Debako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea; horien artean merkataritza saltokiak (29) eta ostalaritza (16) dira nagusi. Indarguneen artean, produktuen eta zerbitzuen kalitatea, bezeroarekiko arreta pertsonalizatua eta negozioen kokapen estrategikoa nabarmentzen dira. Hala ere, hainbat erronka ere identifikatu dira, hala nola sare sozialetako presentzia hobetzeko beharra edota digitalizazio aurreratua eta marketin estrategiak lantzeko beharrak ere. Horrez gain, eskaera zehatzak ere jaso ditu Udalak, hala nola aparkalekua hobetzea eta udal tasak murriztea.
Belaunaldien arteko erreleboaren aurrean kezka ere azaleratu du zundaketa honek; izan ere, negozioen titularren kopuru handi bat 55 urtetik gorakoa da eta ez dute ondorengotza-plan argirik. Ondorioz, datu horrek Debako saltokiek eta ostalaritzak jarraipena izan dezaten erronka bat planteatzen du.
Azkenik, eskuragarri dauden laguntza publikoei buruzko komunikazioa eta ezagutza hobetzeko beharra, edota prestakuntza pertsonalizaturako programetarako interesa ere jarri ditu mahai gainean zundaketak, digitalizazioa, enpresa kudeaketa, marketina eta bezeroen fidelizazioa bezalako gaiak barne hartuta.
Debako Udalak arreta handiz jaso ditu emaitza hauek eta, aurrerantzean ere, herriko ostalaritza eta merkataritza sektorearekin elkarlanean, beren eskaerei eta beharrei erantzungo dieten hainbat proposamen eta neurri landu eta martxan jartzeko lanean jarraituko du, Debako merkataritzaren eta ostalaritzaren jarraipena bermatzeko.
“Gure tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren osasuna eta etorkizuna funtsezkoak dira Debako bizitzarako. Zundaketa honi esker, zuzenean jaso ahal izan ditugu egunez egun gure ekonomia bultzatu eta gure kaleei bizia ematen dietenen kezka eta beharren berri. Udaletik, sektorearekin batera lan egiteko gure konpromisoa berresten dugu, haien beharrei eta erronkei erantzuteko eta tokiko ekonomia babestu eta biziberritzeko ingurune mesedegarri bat sortzeko, modu horretara, debar guztiek hain maite ditugun negozio horien jarraipena eta hazkundea bermatu ahal izateko”, amaitu du Asier Urain Debako Udaleko merkataritza eta ostalaritza zinegotziak.