Debako Udalak Zubelzu zinema erosiko du herriko kultur ekipamendu berri bilakatzeko
2025ko urriaren 9aEusko Jaurlaritzak, ZAP funtsen bidez (Lehentasunezko Arretako Eremua), erosketa-prezioaren (1.100.000 euro) % 96,5 lagunduko du diruz; beraz, Udalak % 3,5 baino ez du ordaindu beharko. Erosketa horrekin, Debak aurrerapauso historikoa emango du herritarrek eta tokiko eragileek urteak eskatzen daramaten kultura-azpiegituren garapenean.
Debako Udalak legegintzaldi honetako proiekturik handi eta estrategikoenetako bati bide ematea lortu du: Zubelzu zinema erosteko konpromisoa lortzea, udalerrirako kultur ekipamendu berri bihurtzeko helburuarekin. Erosketa hori mugarri garrantzitsu bezain historikoa izango da herriko kultur azpiegituren garapenean, kultur eragileen zein herritarren urteetako eskaerari erantzuna emanez.
Horretarako, Debako Udalak, ZAP funtsen bidez, Eusko Jaurlaritzaren 1.062.000 euroko dirulaguntza lortu du Zubelzu zinema erosteko, hau da, erosketaren kostu osoaren % 96,5. Lorpen hori tokiko gobernuaren lanaren emaitza da; izan ere, hasiera batean Debabarrenerako esleitutako ZAP funtsen banaketan Debak inbertsiorik ez zuen arren, gobernu taldearentzat lehentasunezkoa eta estrategikoa den proiektu hau gauzatzeko beharrezko baliabideak ziurtatzea lortu du udal gobernuak. Horrela, Debako Udalak 38.000 euro hartu beharko ditu bere gain, hau da, erosketa-kostu osoaren, 1.100.000 euroren % 3,5 (kudeaketa kostuak gehitu gabe).
"Proiektu hau legegintzaldi honetako garrantzitsuenetarikoa da. Egindako ahalegin eta lanari esker, Debak erreferentziazko kultur gune bat izango du debar guztientzat, baita eskualdearentzat ere. ZAP funtsak lortzea aukera historikoa da udalerriarentzat, herritarrentzako kultur azpiegituren sorkuntzan aurrera egiteko aukera ematen baitigu", adierazi du Alazne Txurruka alkateak.
Zubelzu zinemak ez du inolako erabilerarik gaur egun eta etorkizunera begira, emandako urrats honi esker, kultura-ekipamendu bilakatuko da, mota guztietako jarduera artistiko, kultural eta/edo komunitarioak hartu ahal izateko. Erosketa horrek epe luzean Debak zein debarrek eta herriko eragileek urtetan zehar aldarrikatutako beharrari erantzungo dio. "Erosketa horrek gobernu taldeak herriko kultur eskaintza indartzeko eta herritarren nahiak eta interesak betetzeko duen borondateari erantzuten dio", gaineratu du alkateak.
Eraikin horren erosketa urriaren 30eko osoko bilkurako gai zerrendan jasoko da, udalbatzako kideek bozkatu eta onar dezaten.
Erosketa horrekin, Debak, lehen mailako kultur azpiegitura lortzeaz gain, bultzada handia ematen dio udalerriko kultur sektoreari, inbertsio eraginkor baten bidez, funts publikoak modu ezin hobean aprobetxatuz.
Lorpen horrek, halaber, tokiko gobernuak herriaren garapenarekin eta herritarren ongizatearekin duen konpromisoa islatzen du, eskura dauden baliabideak optimizatuz eta Debak etorkizunerantz aurrera egiten jarraituko duela bermatuz.