Debako XXXII. Antzerki Astea abian da!

2018/05/24
Maiatzaren 25etik ekainaren 3ra mota eta adin guztietarako antzezlanak izango ditugu Deban, Antzerki Astearen baitan. XXXII. edizioa da aurtengoa, eta euskarazko bederatzi ikuskizun aurkeztuko dizkigute guztira.

Debako XXXII. Antzerki Asteari bihar emango diogu hasiera, eta ekainaren 3ra bitarte talde profesional zein amateurrek eskainitako euskarazko bederatzi ikuskizun antzeztuko dira herrian.

Maiatzaren 25ean, ostiralean, izango da lehendabiziko hitzordua herriko kaleetan zehar. Bilboko Deabru Beltzak taldearen eskutik, Su a Feu izeneko ikuskizuna izango da 21:00etan. Egun berean, baina orduerdi beranduago, Bakean dagoenari bakean utzi antzezlana eskainiko dute Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik Itziarren. Ekitaldia Burugorri gunean izango da, 21:30ean.

Maiatzaren 26an, larunbata, Debak Txotxe gogoan omen ekitaldia hartuko du 22:00etatik aurrera, eta horren ondoren, Durangoko Karrika antzerki taldearen Deshakesperazioa Aldats pilotalekuan. Igandean, maiatzaren 27an, Besaulkiak aurkeztuko dute Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldeko kideek. Ikuskizuna 20:00etan izango da, aipatu pilotalekuan. Astebukaerako bi ekimenek 5€-ko prezioa izango dute.

Maiatzaren 29an, asteartea, Aizarnako antzerki eskolak Non dago Erreka Mari obraren bi emanaldi eskainiko dizkie ikastetxeetako ikasleei. Goaz herriko antzerki taldearen aretoan izango dira; lehen ikuskizuna 10:30ean eta bigarrena 11:30ean.

Maiatzeko azken egunean, hilaren 31n (osteguna), Xalto ta Xuplentek Pupurri Pupurri ikuskizuna ekarriko digute Lezotik. 17:00etan izango da ekitaldia, Aldats pilotalekuan eta 3€-ko prezioa izango du sarrerak.

Ekainaren 1ean, ostirala, Elgoibarko Taupada antzerki taldea izango da protagonista. Ikasgaia izeneko obra antzeztuko dute Aldats pilotalekuan, 22:00etan. Hurrengo egunean, ekainaren 2an (larunbata), eszenatoki eta ordu berean, Etxeko saltsak antzerkia eskainiko dute Txalo Produkzioko kideek. Bi ikuskizun hauetan ere sarrera ordaindu beharko da; 5€ eta 6€, hurrenez hurren.

Azkenik, ekainaren 3an, igandean, kale antzerkia izango da eguerdian. Ganso&Cia Bilboko taldearen eskutik Babo Royal herriko kaleetan, 13:00etik aurrera.

Gonbidatuta zaudete! Has dadila ospakizuna!