Deban ere merkatua gune bakarrean eta egun zehatzetan izango da

2021ko maiatzaren 14aDeban ere merkatua gune bakarrean eta egun zehatzetan izango da

Maiatza hastearekin batera merkatu-gune bateratua dago Deban. Inguruko herrietan bezala, Deban ere, merkatu-espazio jakin bat eta egun jakin batzuetan izango dugu aurrerantzean: asteazken, ostiral eta larunbatetan. Udalak merkatuaren dinamizazioan eta indartzean apustua egingo du, adibidez, Merkatu Txikia berreskuratuz,hilabeteko lehen larunbatean maiatzetik urrira. Tailer eta ekintza desberdinekin lagunduko da, eta behar duenari mahaia, mantela, etab. utziko zaio.

Merkatuaren gaia ez da lehentasunezko gaia izan azken urteetan. Lehengo merkatuaren eraikina itxi zenetik, liburutegia eta Kz gunea bertan kokatzeko, baserritar bakoitza ahal izan duen moduan moldatu da eta herriko ekoizle apurrek hiru salmenta puntutan sakabanatuta egin dute lan azken urteetan. Bateratzearekin, irudi indartsuagoa eta positiboagoa eskaintzen dela uste du Udalak. 

Erabakia orain etorri da, alde batetik, aparkalekuen berrantolaketarekin eta TAO sistema berriarekin, plazan kotxeetatik saltzen zutenek ezingo dutelako horrela jarraitu, gunea zamalanak egiteko eta baimen zehatzekin erabiltzeko izango baita. 

Horregatik, aspalditik egoera irregularrean zeuden baserritarrak salmenta puntu baimendu batera bideratu dira. Hau, zeuden ekoizle guztientzat posible izan dadin, bakoitzaren beharrak entzuteko eta irtenbidea bilatzeko prest dago udala. 

Bestalde, uda garai egokia da paseo estalian froga egiteko, eraikinean bertan jartzen duen bezala “MERCADO”, gune zabala da, eta ohiko erosle eta erosle berrientzat merkatuko postuak ikustera gerturatzea erakargarri egiten du, aparkalekutik eta herrigunetik gertu dago gainera. 

Irailetik aurrera, hala ere, 'Merkatuen azterketan' (urtarriletik maiatzera gauzatu da Gipuzkoako 16 herritan) jasotako emaitzekin, Deban nolako merkatua nahi den aztertzeko mahaia jarriko da martxan. Herritarren, ekoizleen, Udalaren eta Debemenenen parte hartzearekin.