Debarren Eguna ospatzeko prest dago Deba, ostiraletik igandera bitartean
2025ko maiatzaren 12aEkitaldien artean kontzertuak, dantzak, erromeriak, lehiaketak, kalejirak, erraldoiak, sokatira, Ezpata-dantza edota entzierroak nabarmentzen dira, herritar ororen gozamenerako.
Deba jai giroan murgilduko da asteburu honetan , maiatzaren 16tik hasita 18ra bitartean, Debarren Eguna ospatzeko. Egitarauak adin guztientzako jarduerak eskaintzen ditu, tradizioa eta kultur zein aisialdi proposamenak uztartuz, Debako kaleak giroz betetzeko.
Maiatzaren 16an, ostirala, arratsaldez hasiko da ospakizuna, LH4tik DBH2ra arteko ikasleei zuzenduta paseo estalian egingo den paella lehiaketarekin. Jarraian, 19:30ean Kalean Kantuz saioa izango da, eta 22:00etan, Debako Musika Bandak kontzertua eskainiko du elizako klaustroan.
Maiatzaren 17an, larunbata, Haitz-Haundirekin elkarlanean antolatuta haurrentzako margo lehiaketa egingo da eta izena emateko aukera egongo da 09:30ean udaletxe azpian. 13:00etan Euskaraldiko kuadrillen arteko jolasen finala egingo da Plaza Zaharrean, eta ordu berean, Debako gaiteroen eta Banda Gaztearen kalejirak izango dira. Arratsaldean, 17:00etan Kultur Elkartean sari banaketa egingo da, 17:30ean entzierroa gurdiekin, eta 18:00etan sokatira jardunaldia egingo da zumardian (680 kg-ko pisu kategorian). 19:00etan Musika Bandaren kalejira izango da, eta 21:00etatik 22:30era Farola Sound System-en emanaldia Plaza Zaharrean. Egunari amaiera emateko, 23:00etan NONBAIT erromeria izango da Foruen Plazan.
Egun handia, Debarren Eguna, maiatzaren 18an, igandea, izango da. 08:00etan Lizarrako gaiteroek eskainitako dianak esnatuko ditu herritarrak eta 08:30ean entzierroa eta sokamuturra egingo dira. Ekintza honetan 16 urtetik gorako pertsonek hartu ahal izango dute parte.
11:00etan ohiko Ezpata-dantza egingo da San Roke ermitan, eta ondoren, herriko elkarteek salda eta txorizoa eskainiko dituzte Foruen Plazan. 11:45ean erraldoien konpartsen desfilea egingo da Agirre Jauregitik abiatuta (euria egingo balu, erraldoiak Aldats pilotalekuan egongo dira). Era berean, desfile aurretik, 11:30ean omenaldia egingo zaio Salvador Martinez gaiteroari Agirer Jauregian bertan, Musika Eskolak antolatuta.
Eguerdian, 13:00etan Gure Kai Dantza Taldeak aurreskua eskainiko du Foruen Plazan eta arratsaldean, 18:00etan erraldoien alardea egingo da Plaza Zaharrean (euria egingo balu, Aldats pilotalekuan), eta 19:00etan Ostarte taldearen erromeriarekin emango zaio amaiera jaiari Foruen Plazan.
Debak herritar guztiak gonbidatzen ditu jai hauetan aktiboki parte hartzera eta guztion gozamenerako diseinatutako programaz gozatzera.