Eguneko zentroa itxi da eta bertan behera utzi dira haurrei zuzendutako aisialdi ekimenak

2020ko uztailaren 21aEguneko zentroa itxi da eta bertan behera utzi dira haurrei zuzendutako aisialdi ekimenak

Azken egunotan COVID-19ak eragindako egoerak okerrera egin duenez, hainbat neurri hartu dituzte administrazioek. Debako udalak eguneko zentroa itxi du eta hezkuntza zaintza sarea bertan behera utzi du aurreikusi baino astebete lehenago. Itziarko Auzo Udalak ere, bertan behera utzi ditu Uda Aisia udalekuak.

Uztailaren 18an eta Gipuzkoako Gizarte Politikako Diputatuak bidalitako aginduari jarraituz, Debako eguneko zentroa itxita dago astelehenaz geroztik (uztailaren 20a). Printzipioz, eta beste agindurik egon ezean, astebete egongo da itxita zentroa. 

Prebentzio neurri gisa aplikatu da aipatu erabakia, azken egunotan Gipuzkoan egon diren COVID-19 kasu positiboek eraginda. 

Eguneko zentroko langileak erabiltzaile guztien familiekin egin dute harremana eta etxean zaintza bermatzeko zerbitzuak eskaini zaizkie; hala nola, janaria eramatea eta zaintza pertsonala eta instrumentala.

Bost erabiltzailek jasoko dute zerbitzua haien etxean; hiruri janaria eramango zaie eta beste biri zaintza pertsonala eskainiko zaie. 

Egoeraren jarraipena telefono deien bidez egingo zaie. Etxean nola moldatzen ari diren aztertuko da bestelako laguntzarik behar duten ikusteko. 

Hezkuntza-zaintza sarea eta Debako udalekuak bertan behera

Bestalde, eta haur eta gazteen aisialdiari lotuta, Itziarko Uda Aisia udalekuak eta Debako hezkuntza-zaintza sarea bertan behera laga dira aste honetan, lehen aipatutako arrazoi berberei jarraituz.