Elizburuko etxebizitza tasatuen sustapena azken txanpan dago

2026ko ekainaren 18aElizburuko etxebizitza tasatuen sustapena azken txanpan dago

Udalak dagoeneko azken administrazio-urratsa onartu du, eta jabeek datozen asteetan jasoko dituzte giltzak, horretarako beharrezko diren izapide pertsonalak amaitu ondoren. 2024an hasitako prozesu honek Udalak etxebizitza publikoaren alde egindako apustua balioan jartzen du eta herritarrekiko konpromisoa berresten du, duela bi urte emandako hitza betez.

Debako Udalak Elizburuko etxebizitza tasatuen sustapenaren proiektuan azken eta behin betiko urratsa eman du. Bertan, 38 etxebizitza tasatuk, trasteleku eta garaje plazekin batera, administrazio izapide nagusiak dagoeneko osatu dituzte eta jabe berriei entregatzeko prest daude. Proiektua 2024an hasi zen eraikitzen, eta udal gobernu taldeak etxebizitza publikoaren alde eta debarrentzat etxebizitza eskuratzeko aukera berriak eskaintzearen alde egindako apustuaren aurrerapauso esanguratsua da. 

Lehen okupazio-lizentzia onartzearekin batera, etxebizitza bakoitza bizigarritasunaren ikuspegitik prest geratzen da administrazio-izapide guztiak beteta. Urrats horri esker, etxebizitzen etorkizuneko jabeek azken kudeaketak gauzatu ahal izango dituzte, hala nola bankuarekin hipoteka edo finantzaketa formalizatzea eta notariotzan etxebizitzaren eskritura sinatzea. Urrats horiek guztiak amaitutakoan, promotoreak berak emango dizkie giltzak banan-banan jabe bakoitzari. 

Proiektu honek ez du soilik etxebizitzak eskaintzen; etxebizitza publikoa balioan jartzen du eta Udalak 2024an hartutako konpromisoari jarraipena ematen dio, etxebizitzak aurreikusitako epeetan eskuragarri egongo direla bermatuz. Halako ekimenei esker, Debak aurrera jarraitzen du herritarrak bizitzeko eta beren bizi-proiektua garatzeko aukera errealak izango dituzten udalerri izateko helburuan. 

Horren harira, Alazne Txurruka alkateak adierazi du: “Proiektu honek erakusten du Udalak konpromisoa hartzen duenean hitza betetzen duela. Elizburuko etxebizitzek aukera berriak eskainiko dizkiete familia askori, eta Debako etxebizitza publiko eta irisgarriarekiko dugun konpromisoa indartzen dute ”.