Elkartasun azoka egingo da igandean

2020/10/13
Iaz abiatutako bideari jarraituz elkartasun azoka egingo da urriaren 18an. Ateri badago, Plaza Zaharrean jarriko dira mahaiak, 11:00etatik 15:00etara. Euria egiten badu, Aldats pilotalekuan egingo da.

Kooperazio proiektuetarako udalaren diru-laguntza jaso duten elkarteetako batzuk mahaiak jarriko dituzte azokan. Iazko lehen edizioarekiko aldaketa batzuk egin dira aurten. Diru-laguntzak jaso dituzten proiektuen aurkezpena beste egun batean egingo da, eta ez iaz bezala azokaren egun berean. “Elkarte hauek egindako lanei leku handiagoa eman nahi zaie, herritarrek ezagutu dezaten ekarpenarekin zertan lagundu dugun debarrok”, Aritz Larrañaga Ongizate politiketako zinegotziaren esanetan. Zein formatutan eta zein egunetan egingo den aurrerago esango da. 

Beste desberdintasun bat gaur egungo osasun egoerak markatutakoa izango da. Izan ere, azoka, COVID-19aren hedapena murrizteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuta egingo da. 

Txernobil elkartea, Eibar-Sahara elkartea, Egiten, Zaporeak, Kooperazio taldea (parrokia) eta Liburu solidarioak elkarteek hartuko dute parte azokan.

Moriako errefuxiatuentzat janari bilketa egingo da. Herritarrei honako elikagaiak eman ditzaten eskatzen zaie: arroza (luzea), garbantzuak eta makarroiak. Herriko hainbat jatetxe-tabernetan erabiltzeko bonoen zozketa ere egingo da.