Eneko Aizpuruaren 'Bidasoan gora' liburua aurkeztu da

2020ko irailaren 15aEneko Aizpuruaren 'Bidasoan gora' liburua aurkeztu da

Debako udalak ematen duen Tene Mujika bekaren 13. edizioa irabazi zuen Eneko Aizpuruak, 'Bidasoan gora' liburua aurkeztu du. Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak eta Aritz Larrañaga Debako udaleko kultura eta euskara zinegotziak ere parte hartu dute agerraldian. Euskal Herriko historia hurbila berreskuratzeko helburua du aipatu bekak. Debako udalak historia berreskuratu eta idatz dadin lagundu nahi du modu honetan.

Urak egiten duen ibiliaren kontra, ibaian gora abiatu da Eneko Aizpurua: Txingudiko badiako paduretan hasi eta Xorroxingo iturrian amaitu arte, bazterrik bazter ibiliko ditu Bidasoko urak eta lurrak, paisaiari eta pasaiariei beha. Bidaiariaren gogotik eta begietatik igaroko dira aspaldiko kontrabando-istorioak eta migratzaileen trafikoarenak, Barojaren eta Aitzolen estualdiak gerra zibilean, naziengandik ihesi ibilitako juduen eta aire-pilotuen gorabeherak, Zabalzaren eta Lopezen fin gaiztoa Endarlatsan, mugalariak, baserritarrak, eruditoak, filantropoak, faxistak... 

Begirada amultsu eta aldi berean zorrotza elkartzen ditu egileak, bizitakoaren lekukotasun zuzena eta irakurketa ugariek emandako jakituria, pasadizo xeheak eta gogoeta sakonak, guztiak egoki nahasturik liburu atsegin eta mamitsua osatzeko, berezi bezain gogoangarria. 

Eneko Aizpurua Urteaga 1976an jaio zen Lazkaon eta gaur egun Iruñean bizi da. Zuzenbidean lizentziatua da, ogibidez itzultzailea. Orain arte nobela beltzaren arloko eleberriak kaleratu ditu: Errauts (2011), Herensuge gorriaren urtea (2013), Lehertu da festa (2016). Horrez gain, bidaietako kronikak ere idatzi izan ditu prentsarako. 

Eskerrak eman dizkio Aritz Larrañaga zinegotziak Eneko Aizpuruari, egin duen ekarpen interesgarriagatik. “Administrazioek ahal duten neurrian horretan ekarpena egin behar dute. Eta hori egiteko modu bat da bekena, adibidez. Gure apustua da lan honekin jarraitzea eta ildo horretan beste ekarpen batzuk ere egitea, Debako Euskararen Historia Sozialarekin egiten ari garen moduan. Behar beharrezkoa da iragana ezagutzea etorkizunean aurrera egiteko”.

Historia berreskuratzeko laguntza ematearekin batera, Tene Mujika debarraren irudiari eta berak egindako lanari balioa eman nahi zaie bere izena daraman bekaren bitartez.