Errenta aitorpena euskaraz egiteko deialdia egin du Debako Udalak beste administrazioekin elkarlanean

2022ko apirilaren 1aErrenta aitorpena euskaraz egiteko deialdia egin du Debako Udalak beste administrazioekin elkarlanean

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi du UEMAk, eta horien artean, errenta aitorpena ere euskaraz egitea. Horretarako, aurreko urteetako bideari jarraituz, hautu hori sustatzeko kanpaina hasiko dute UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean, tartean Debako Udalak.

Apirilaren 4an hasiko da errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina Gipuzkoako foru ogasunean, eta ekainaren 30era arte iraungo du. Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko. 

Izan ere, azken urteetan errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik. Deban, esaterako, 2020ko ekitaldian egin ziren 2.866 errenta aitorpenetatik 763 egin egin ziren euskaraz eta 2.103 beste hizkuntzetan.

Administrazioa euskalduntzeko bidean eredu izan nahi du UEMAk, eta eta bide horretan, garrantzitsua da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Udalen eta hainbat erakunde publikoren arteko elkarlana ez ezik, herritarren babesa eta parte hartzea ezinbestekoa da horretarako, eta hautu horretan eragin nahi du UEMAk aurten ere kanpaina honekin.