Erritmo onean eta aurreikusitakoaren arabera doaz Iberdrolako transformadorea lekualdatzeko lanak

2025ko urriaren 30aErritmo onean eta aurreikusitakoaren arabera doaz Iberdrolako transformadorea lekualdatzeko lanak

Dagoeneko eraiki da transformadorea instalatzeko zolata, funtsezko urratsa lan-egutegiaren barruan. Proiektu honek amaiera emango dio 580 debar baino gehiagok jasaten zuten argi-mozketen arazo historikoari, gainera, Udalari inolako kosturik eragin gabe.

Iberdrolaren transformadorea lekualdatzeko obrek aurrera jarraitzen dute, erritmo onean eta aurreikusitako egutegiaren barruan. Une honetan, transformadorea kokatuko den zolata eraiki da, geltoki zaharraren ondoan, eta hori mugarri garrantzitsua da Debako herritarrek luzaroan espero duten proiektu honen baitan.

Izan ere, Debako Udalak bultzatutako proiektu estrategiko honek duela 30 urte baino gehiagotik udalerriari eragiten zion arazo bati behin betiko irtenbidea emateko aukera emango du: marea biziak gertatzen ziren bakoitzean 580 pertsona abonatu baino gehiagok jasaten zituzten argi-mozketei amaiera ematea, alegia.  Arrazoi nagusia transformadorearen kokalekuan zegoen, Gudarien Plazan lurperatuta eta ur-sarrerekiko egoera arriskugarrian. 

Udal gobernuaren lanari esker eta enpresa elektrikoarekin hainbat lan-bilera egin ondoren, Iberdrolak beharrezko izapide administratibo eta tekniko guztiak burutu ditu transformadorea kokapen seguruago batean kokatzeko. Lortutako akordioaren alderdi nabarmenetako bat da lekualdaketak ez duela Udalarentzat inolako kosturik izango, konpainia elektrikoak hartuko baitu bere gain lan guztiak.

Udalak azpimarratu duenez, esku-hartze honek arazo historiko bat konpontzeaz gain, Debako azpiegitura elektrikoa ere hobetzen du, modu estruktural eta iraunkorrean, herritarrentzako argi-hornidura fidagarriagoa eta modernoagoa bermatuz.