Esan Udalari, herritarren eskaerak eta iradokizunak kudeatzeko tresna berria

2018ko irailaren 28aEsan Udalari, herritarren eskaerak eta iradokizunak kudeatzeko tresna berria

Herritarrengana gerturatu eta partaidetza sustatzeko helburuarekin, Debako Udalak "Esan Udalari" ataria jarri du martxan.

Debako Udalak kexak eta iradokizunak kudeatzeko tresna erabilerraza kontratatu du. Esan Udalari izena eman diote erreminta berriari, CodeSyntax enpresak sortu du, eta sarrera-puntu desberdinetatik jasotako eskaerak bideratu eta modu ordenatu eta antolatu batean kudeatzeko aukera eskainiko du.

Tresna hau martxan jartzearen helburu nagusia herritarren parte-hartzea sustatzea izango da; era horretan, Udala herritarrengana gerturatzea bilatzen da. Udalak ongi baitaki zein garrantzitsuak diren herritarren ekarpenak, udal kudeaketa hobetzeko.

Beraz, Udalarekin harremanetan jarri nahi duen herritar orok modu errazean egin dezake nabigatzailearen bitartez. Udalaren web orrian (www.deba.eus), Esan Udalari ataria aurkituko dute; eta bertako formularioa betez bidali ahal izango dituzte euren eskaera, kexa edo iradokizunak.

Atarirako sarbidea deba.eus webgunetik egin daiteke, baina baita zuzeneko helbide honetatik ere: esanudalari.deba.eus. Webgune nagusia egoki ikusiko da mugikorretan eta tabletetan; gainera, mugikorreko pantaila nagusian atarirako sarbide zuzena sor daiteke esanudalari.deba.eus loturatik.

Hortaz, Debako Udalari zerbait esan nahi badiozu, atari hau erabiltzera gonbidatzen zaitugu!