Eskolako Agenda 2030 lantzeko prozesuan udaletxean egon da Luzaroko ikasle talde bat

2022/04/08
Hasi dira Luzaro eskolako ikasleak aurten Agenda 2030en barruan egingo dituzten lanekin. Lehorreko bizitza (landareak, animaliak, natur gune babestuak…) hartu dute lantzeko gaia aurten. Joan den astean udaletxean egon zen ikasle talde bat gai horri buruz dituzten galderen erantzunen bila. Maila desberdinetako ordezkari bana egon zen udaletxean, eta haiek izango dira euren ikaskideei informazioa helaraziko dietenak ondoren.

Ingurumen teknikariarekin egon ziren, eta lantzen ari diren gaiari lotutako hainbat galdera egin zizkioten. Esate baterako: Debak titulartasun publikoko lurzorurik baduen, animalia bat zaurituta agertzen denean zeini dagokion hori kudeatzea, zein animalia edo landare dauden babestuta, etab.

Orain ikasten dutenarekin, lehorreko bizitza hobetzeko hainbat proposamen egingo dizkiote Alkateari maiatzaren 27an egingo den osoko bilkura txikian. Helburua da guztion artean gure herria jasangarriagoa egitea. 

Eskolako Agenda 2030 Ikastetxearen jasangarritasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da, komunitatearen partaidetzan oinarritzen dena, eta udalerriko garapen jasangarrian esku- hartu eta laguntzen duena. Ingurumen-hezkuntza programa bat denez, ingurumen arazoen konponbidean parte hartzeko ezagutza, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia.

Aurten, lehenengo aldiz, bilera teknikoa deritzon hori hasi baino lehen, Alkateak Udalaren funtzionamendua azaldu zien gazteei. Udaletxeko hainbat sail eta bulegoetara eraman zituen eta bertan langileen funtzioak azaldu zizkien. Osoko bilkuren aretoa ere ezagutu zuten, udalerriari dagozkion hainbat erabaki hartzen diren lekua, alegia.