Eskolako Agenda 30eko udalbatzarra bideo bidez egin da aurten

2021ko ekainaren 5aEskolako Agenda 30eko udalbatzarra bideo bidez egin da aurten

Aurtengo ikasturtean “Ekoizpen eta kontsumo arduratsua” landu dute Debako ikasleek, Eskolako Agenda 30 programaren baitan. Bizi dugun egungo egoera dela eta, urtero egiten den Eskola Agenda 30eko udalbatzarra egin beharrean, aurten ikasleek haien proposamenak bideo bidez bidali dizkiote udalari; udalak ere bideo baten bitartez erantzun ditu ikasleek egindako eskaera eta proposamenak.

Aurtengo ikasturtean ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren gaia landu dute ikasleek Eskolako Agenda 30 programaren baitan. Egitasmo hau aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du eta ikastetxeek Debako Udalaren, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute.

Urtean zehar ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren gaia lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxeetan. 

Behin egoeraren diagnostikoa eginda, ikasleek Udalbatzarrean, aurten bideo bidez, aurkeztu dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, hiri jasangarri bat eraikitze aldera. Halaber, aurten ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte birziklapen tasak hobetzeko eta edukiontziak ezberdinak beharren arabera kokatzeko.

Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek izan dira:

  • Herriko espazio estaliak garbiago mantentzea. 

  • Nekazaritza ekologikoa bultzatzea. 

  • Bertako produktuei publizitatea egitea, kontsumo lokalari eta ekologikoari laguntzeko. 

  • Herri baratzak sortzea. 

Eskolako Agenda 30 Debabarrenean

Udaletxeekin elkarlanean, 19 urte daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 30 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30. Egitasmoak hiru helburu ditu:

-        Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.

-        Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.

-        Partaidetza  eta  ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, 28 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 30 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.