Etxebizitzaren arloan lanean jarraituko du Debako Udalak, udalerriari eta herritarrei hobekien egokitzen zaizkien konponbideak bilatzeko

2025ko maiatzaren 29aEtxebizitzaren arloan lanean jarraituko du Debako Udalak, udalerriari eta herritarrei hobekien egokitzen zaizkien konponbideak bilatzeko

• Maiatzeko udalbatzan, besteak beste, EH Bilduk Deba etxebizitza-merkatuaren gune tentsionatu izendatzeko egindako proposamena izan dute hizpide.

Ostegun honetan, maiatzaren 29an, maiatzeko ohiko osoko bilkura ospatu du Debako Udalak eta gai zerrendako puntuen artean, besteak beste 2026ko abuztuaren 17a herriko jaiegun izendatzea, 2025-2026 ikasturterako Musika Eskolako matrikulazio-kuotak edo Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena tratatu dira.

Edonola ere, Udalak Deba "etxebizitza merkatuaren gune tentsionatu" izendatzeko lehen urratsak eman ditzan EH Bilduren udal taldeak aurkeztutako mozioa izan da eztabaida gehien eragin duen puntua.

Etxebizitzaren gaia arduraz eta zorroztasunez lantzeko konpromisoa

Gobernu taldeak mozioaren aurka bozkatu du, horrelako erabaki garrantzitsu bat arduraz, plangintza baten baitan eta behar bezala aztertuta hartu behar dela argudiatuz. Udal Gobernuak gogorarazi du hori izan dela EH Bilduk gai honen inguruan egin duen lehen proposamena eta ez duela aurreko astean izandako Lurraldetasun batzordean inolako aipamenik egin “ezta gaia aztertzea komeni dela adierazi ere”, azaldu du alkateak.  

Udal gobernuak azaldu duenez, Debak eremu tentsionatu izendatzeko  hiru baldintzetako bat baino ez du betetzen, hain zuzen ere alokairuaren prezioaren igoerari dagokiona. Izendapen horrek, besteak beste, alokairuen prezioei muga bat ezartzea ahalbidetuko luke, baina, aldi berean, konpromiso legal garrantzitsuak ekarriko lituzke bai Udalarentzat, baita etxebizitzen jabe eta maizterrentzat ere. Eta horrez gain, tentsionatutako gunetik irtetzeko 3 urteko Ekintza Plan bat aurkeztu beharko luke Udalak, alokairuari loturiko eskaera eta eskaintza berrorekatu eta egoera horretatik irteteko.

Era berean, gogorarazi du udal gobernuak EH Bildurekin batera garatutako Etxebizitza Planak lehentasuntzat hartzen duela alokairuaren gaia. "EH Bilduk badaki alokairua eta honi loturiko gaiak Etxebizitza Planaren ardatz estrategikoetako bat direla, baina gaur egun Etxebizitza Plana berrikuspen teknikoaren fasean dago, EH Bildu taldeak berak eskatuta", adierazi du Alazne Txurruka alkateak.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduren mozioa ez da onartua izan, eta udal gobernuak etxebizitzaren gaia seriotasunez eta elkarlanean lantzen jarraitzeko gonbitea luzatu dio EH Bilduri,  lasaitasunez eta erantzukizunez, Debarentzat eta debarrentzat konponbiderik egokienak aurkitzeko. EH Bilduren udal taldeak begi onez ikusi eta onartu du gonbitea.