Euskal Herriko olatu erraldoien txapelketa Deban egingo da urtarrilaren 18an

2018ko urtarrilaren 15aEuskal Herriko olatu erraldoien txapelketa Deban egingo da urtarrilaren 18an

Debako Udalak Sorginetxe Big Wave Erronka antolatu du Euskal Herriko Surf Federazioarekin eta Yako Surf Eskolarekin elkarlanean. Egun bakarreko txapelketa izango da, urtarrilaren 18an.

Euskal Herriko olatu erraldoien txapelketa Deban jokatuko da 2018ko urtarrilaren 18an. Euskal Herriko Surf Federazioak eta Yako Surf Eskolak, Debako Udalaren laguntzarekin, Sorginetxe Big Wave Erronka antolatu baitu gurean. Iaz Euskaltel Euskal Surf Zirkuituaren lehen froga eta Euskal Herriko SUP zirkuitua ere egin ziren herrian, eta aurten, Euskal Herriko olatu erraldoien lehen txapelketa babestuko du Udalak.

Txapelketa honen helburu nagusia diziplina honetako euskal surflarien garapena bilatzea da; baita modalitate honetako sailkapen bat burutzea ere. Horrela, sailkapen hori etorkizunean sor daitezkeen hautaketa prozesuetarako balia dezakete. Bestalde, erronka honen bitartez, olatu handietako surflari berriak ezagutzera eman nahi dituzte; eta bide batez, egun ezagunak direnen oihartzuna handitzen lagundu.

Egun bakar bateko txapelketa izango da, eta urtarrilaren 18an ospatuko da. Open kategorian 18 surflari arituko dira lehian: herriko Zurrunbilo surf elkartetik 2 surfista, 6 surfista (eta lau ordezko) Gipuzkoako Surf Federazioko olatu handietako komisiotik, beste 6 (gehi lau ordezko) Bizkaiako Surf Federazioko olatu handietako komisiotik eta 4 Wildcard EHSFtik.

Hiru txanda kanporatzaile izango dira:

  1. 6 surflariko 3 txanda egin ondoren, txanda bakoitzeko onena finalerako sailkatuko da. Bigarren eta hirugarren postuetan gelditzen direnak, aldiz, bigarren txanda kanporatzailera pasatuko dira (bigarren aukera).

  2. 6 surflariko txanda bakarra egingo da (aurreko txandatako bigarren eta hirugarren klasifikatuekin). Erronda honetako hiru onenak finalera pasatuko dira.

  3. 6 surflariko finala.

Sorginetxe Big Wave Erronkak 50€-ko donazioa banatuko die parte-hartzaile guztiei, eta txapeldunak irabazlearen sariaz gain, 150€ jasoko ditu.