Euskal Kostaldeko Geoparkea Bilboko Basque Fest jaialdian

2019ko apirilaren 15aEuskal Kostaldeko Geoparkea Bilboko Basque Fest jaialdian

Aurten ere, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Bilboko Basque Fest jaialdian parte hartuko du, apirilaren 18tik 20ra.

Beste urte batez, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea Basque Fest jaialdian izango da Bilbon, apirilaren 18tik 20ra.

Kultura eta aisialdirako jarduera programa zabalaren barruan, Basque Fest jaialdira hurbiltzen direnek Euskal Kostaldeko Geoparkearen eskaintza anitza ezagutzeko aukera izango dute; hala nola, oinez edo itsasontziz egin daitezkeen bisita gidatuak eta norbere kabuz egiteko moduko ibilbide geologikoak.

Aurreko urteetan bezala, Geoparkeak informazio-stand bat izango du “Gourmet Txokoa” deritzon espazioan, Bilboko Areatzan bertan jarriko den karpa handian. Geoparkearekin batera, beste hainbat eskualde eta turismo-helmuga ere han izango dira beraien eskaintza ezagutarazteko. Gourmet Txokoa irekita egongo da 11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:00etara. 

Gainera, Basque Fest jaialdiaren baitan, Geoparkeak bisita gidatuak zozkatuko ditu bere standera hurbiltzen diren bisitarien artean. Zozketak egunero egingo dira 14:45ean eta 19:45ean. Hain zuzen ere, Geoparkeko edozein bisita gidatu egiteko sarrera bikoitzak zozkatuko dira, 2019an erabili ahal izateko.

Halaber, tokiko produktuez osatutako Geogourmet otarrak eskuratzeko aukera ere izango da.

Bisita gidatuak 2019

Berriki abiarazi du Euskal Kostaldeko Geoparkeak 2019ko bisita gidatuen programa berria; guztira, 17 bisita gidatu desberdin daude aukeran adituak diren gidarien azalpenekin lagunduta Geoparkea ezagutu eta deskubritzeko. Flyscha uretatik ikusteko itsas-ibilaldiak, barnealdeko bailara ezkutuak ezagutzeko ibilbideak, familiartean egiteko proposamenak… 

Bisita gidatu hauek guztiek Geoparkeak gordetzen duen balio natural, geologiko eta kultural garrantzitsua ezagutaraztea eta gizarteratzea dute helburu.  

Iturria: Geoparkea