Euskal Kostaldeko Geoparkeak Iñaki Rementeriak osatutako fosilen bildumaren dohaintza jaso du Deban
2026ko maiatzaren 13aHiru hamarkada baino gehiagoz bildutako ehunka fosilek eta septariek osatzen dute sorta
Iñaki Rementeria Oiarzabalek ehundik gora pieza paleontologiko eman dizkio Euskal Kostaldeko Geoparkeari, ondarea zaindu eta gizarteratzeko helburuarekin. Euskal Kostaldeko Geoparkeko funtsei gehitzen zaion bildumak ehun ale inguru gehituko ditu, Rementeriaren 30 urte baino gehiagoko behaketen emaitza direnak.
Hiru hamarkada luzez batu duen bildumaren dohaintza gauzatzeko Debako turismo bulegoan egin den ekitaldian nabarmen geratu da Debako bizilagun honen dedikazioa eta bertako ondarea babesteko eta balioesteko egin duen lan mardula. Debako Udaleko eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariez gain, egunotan Geoparkea aztertzen dabiltzan UNESCOko ebaluatzaileak ere izan dira dohaintzaren lekuko. Horietako batek, Alexandru Andrasanu paleontologoak ekimenaren balioa azpimarratu du: “Badakit zeinen zaila den horrelako bilduma bat lortzea, nolako eromena den eta zer grina behar den zaletasun hau elikatzeko; gainera, harrigarria da paleontologikoki eta estratografikoki Rementeriak egin duen lan bikaina, guztia ondo identifikatuz eta sailkatuz. Bestalde, lurraldearekin duen konexioa ere azpimarratzekoa da, eta, neurri berean, bere ekarpena egiteko Geoparkean aurkitu duen babesa”.
Iñaki Rementeriak ekitaldian azaldu duenez, “Beti gustatu izan zait fosilen bila ibiltzea eta etxean `harrobia` nuen gordeta, iada ez neukan lekurik! Hasteko, orain 30 urte inguru, Crinoide oso berezia jaso nuen Elorriagan eta hortik aurrera zaletasuna areagotu zitzaidan. Dohaintza honen bidez pieza hauek Deban geratzea nahiko nuke”.
Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok Rementeriaren lan metodiko eta nekaezina azpimarratu ditu. “Flysch osoan zehar dauden fosildutako bizi-formen bilduma oso interesgarria eta konpletoa da, hasi Mutrikuko eta Debako flysch beltzetik eta Zumaiaraino”. Geoparkeak lurraldeko ondare paleontologikoa ikertzeko eta kontserbatzeko abiatutako programaren barruan kokatzen du Hilariok gaurko dohaintza. “Jarduera horren ondorioetako bat da bertako biztanleak Geoparkera hurbiltzen direla ondarea partekatzeko, guztiona izan dadin”, gaineratu du. “Eskerrak eman nahi dizkiot Iñaki Rementeriari berak urtetan egindako lana Geoparkean uzteko konfidantza erakutsi duelako; erabilera ona emango diogula konfidantza izan dezan eskatu nahi diot gaur”.