EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEAK UNESCOREN MUNDUKO GEOPARKE IZENDAPENA ESKURATU DU

2015ko azaroaren 18aEUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEAK UNESCOREN MUNDUKO GEOPARKE IZENDAPENA ESKURATU DU

UNESCOko 195 estatu kideek atzo, hilak 17, ebatzi zuten izendapen berri bat sortzea: UNESCOren Munduko Geoparkeak. Munduan dauden 120 Geoparkeak, horien artean Euskal Kostaldeko Geoparkea (Zumaia-Deba-Mutriku), UNESCOk aitortutako toki izatera pasa dira.

Erabakia atzo, hilak 17, hartu zuen UNESCOk Parisen egiten ari zen 38. Biltzar Orokorrean, 195 estatu kideen parte hartzearekin.

Halaber, Biltzar Orokorrak nazioarteko programa berri bat sortzea erabaki zuen: Lurraren Zientzien eta Geoparkeen Nazioarteko Programa.

2004. urtean Geoparkeen Munduko Sarea sortu zenetik, UNESCOk Geoparkeen lana babestu du, Sarean modu aktiboan parte hartuz eta Geoparkeen jardueretan UNESCOren garapen jasangarrirako balioak betetzen zirela ziurtatuz, hezkuntza, zientzia eta kulturaren bitartez.

Azken urteotan, UNESCO eta Munduko Geoparkeen Sarearen arteko harremanak estutu egin dira, erakundearen baitan Geoparkeen gaineko programa zehatz bat sortzeko helburua lortze aldera. Dagoeneko programa horrek ikusi du argia.

Izendapen berri honen onespena bultzada garrantzitsua da oso Geoparkearentzat. Batetik, azken urteotan burututako lana aitortzen duelako, eta bestetik, UNESCO markaren erabilpenak promozio bide berriak irekiko dizkiolako nazioarte mailan.

Hemendik aurrera, Geoparkeek beste figura ezagun batzuek duten aitorpen maila bera izango dute, hala nola, UNESCOren Biosfera Erreserba, UNESCOren Munduko Ondarea edota UNESCOren Ondare Ez-materiala.

Izendapen hau lortu arteko prozesua luzea izan da. Prozesu honen baitan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak babesa erakutsi dio Geoparkeari eta iragan irailaren 30ean eskutitza igorri zion UNESCOrekin Lankidetzarako Espainiako Batzordeari izendapenaren onespena eskatuz.

Zer da Geoparke bat?

Geoparkeak ondare geologiko, natural eta kultural baliotsua duten lurraldeak dira. Bertan kontserbazio eta garapen jasangarrirako kudeaketa estrategiak aplikatzen dira.

Egun munduan 120 Geoparke daude, horietatik 69 Europako 23 herrialde ezberdinetan. Estatuan 11 Geoparke daude:

  •  Maestrazgo Geoparkea
  • Cabo de Gata-Nijar Geoparkea

  • Cataluña Central Geoparkea

  • El Hierro Geoparkea

  • Lanzarote y Archipiélago Chinijo Geoparkea

  • Molina- Alto Tajo Geoparkea

  • Sobrarbeko Geoparkea

  • Sevillako Sierra Norteko Geoparkea

  • Sierras Subbéticas Geoparkea

  • Villuercas-Ibores-Jara Geoparkea

  • Euskal Kostaldeko Geoparkea

Euskal Kostaldeko Geoparkea - www.geoparkea.com

Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerriek osatzen dute Euskal Kostadeko Geoparkea. Geoparkeak aparteko ondare geologiko, paisajistiko eta kulturala du eta natura-turismo eta geoturismo eskaintza erakargarria eskaintzen du oso.

2010eko azaroan Munduko Geoparkeen Sarean integratu zen Geoparkea. 2014an errebalida prozesua gainditu zuen, beste lau urtez Geoparke izendapenari eutsiz.

Euskal kostaldeko Geoparkea Geogarapen Elkarteak kudeatzen du, Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako Elkartea. Elkartea 2009an sortu zen Zumaia, Deba eta Mutrikuko Udalen eskutik. Egun Elkartea osatzen dutenak dira:

  • Zumaiako Udala

  • Debako Udala

  • Mutrikuko Udala

  • Gipuzkoako Foru Aldundia

  • Eusko Jaurlaritza

  • UNESCO Etxea

  • Aranzadi

  • Debegesa, Debabarreneko Grapen Agentzia

  • Urola Kostako Mankomunitatea

  • Debemen, Debabarreneko Landa Garapen Elkartea

  • Urkome, Urola Costako Landa Garapen Elkartea