Formakuntza, itsas zaborren bilketa eta surf klasea batzen dituen ekimena egingo da Deban, ingurumenaren kontserbazioaren alde

2024ko maiatzaren 6aFormakuntza, itsas zaborren bilketa eta surf klasea batzen dituen ekimena egingo da Deban, ingurumenaren kontserbazioaren alde

Familiei zuzendutako ekimena izango da eta datorren maiatzaren 10ean eta 11n gauzatuko da. Interesdunek maiatzaren 9a baino lehen eman behar dute izena, voluntariado@surfrider.eu helbide elektronikora idatziz.

Datorren asteburuan, maiatzaren 10ean eta 11n, hain zuzen, hezkuntza, kontserbazioa eta kirola uztartzen dituen kontzientziazio eta ingurumen ekintza bat egingo da Deban, familiei zuzenduta. Geoparkeak eta Surfrider Foundationek Debako Udalarekin lankidetzan antolatutako ekimena da hau, herritarrak itsas ekosistemen babesean inplikatzeko eta kirolaz, -surfaz- gozatzeko.

Prestakuntza, bilketa eta dibertsioa batzen dituen ekimena

Jardunaldia ostiralean hasiko da, maiatzak 10. Lehen ekintza gisa, prestakuntza saio bat eskainiko da, 17:30etik 19:30era Geoparkeari buruzko informazioa ezagutarazteko eta Surfriderren Ocean Initiatives programaren barruan itsasoko datuak eta zaborrak biltzeko teknika eraginkorrak ikasteko.

Maiatzaren 11n, larunbata, goizeko 10:00etan zabor bilketa egingo da hondartzan eta behin amaitzean, surf klasea eskainiko da, 12:30ean, parte-hartzaileek itsasoaz modu zuzen eta pertsonalagoan goza dezaten. Jarduera horiek ozeanoarekiko errespetua sustatzeaz gain, hezkuntza eta jolasa uztartzeko aukera eskainiko die familiei.

Ostiraleko formakuntzan eta larunbateko zabor bilketan parte har dezakete 5 urtetik gorako haurrek (heldu batez lagunduta) eta surf klasean, halaber, 8 urtetik gorakoek.

Izen emateak

Izen ematea dagoeneko zabalik dago, datorren osteguna bitarte (maiatzak 9) edo plazak agortu arte. Interesdunek voluntariado@surfrider.eu helbidera idatzi behar dute eta lehentasuna izango dute ekintza guztietan izena ematen duten pertsonek (formakuntza, bilketa eta surf klasea).