Garapenerako lankidetzarako dirulaguntzen deialdia zabaldu du Debako Udalak

2024ko uztailaren 3aGarapenerako lankidetzarako dirulaguntzen deialdia zabaldu du Debako Udalak

Dirulaguntzen helburu nagusia da laguntza behar duten herrialdeetan bizi-baldintzak hobetu eta garapen ekonomikoa eta soziala sustatzen duten proiektuak babestea. Laguntza hauek garapenerako lankidetza proiektuak sustatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde juridikoei zuzenduta daude. Interesa duten erakundeek uztailaren 29rako aurkeztu beharko dituzte proposamenak, Udalaren erregistro elektronikoaren bidez.

Debako Udalak garapenerako lankidetza-proiektuak babesteko dirulaguntza deialdia onartu eta argitaratu berri du. Laguntza lerro horien helburu nagusia da, hain zuzen, laguntza behar duten herrialdeetan bizi-baldintzak hobetu eta garapen ekonomikoa eta soziala sustatzen duten proiektuak babestea. Herrialde horiek ELGAko Garapena Laguntzeko Batzordearen zerrenda batean daude, eta nazioarteko lankidetzari onura gehien ateratzen dioten nazioak identifikatzen ditu.

Hala, dirulaguntzak garapenerako lankidetza-jarduerak bultzatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde juridikoei zuzenduta daude, hala nola GGKEei, kongregazio erlijiosoei, fundazioei eta antzekoei. 

Dirulaguntza motak eta horien ezaugarriak

Dirulaguntza deialdi hau hainbat lerrotan banatzen dira:

1.      Lankidetza proiektuen garapena: 36.875,15 €-ko aurrekontuarekin, herri hartzaileen oinarrizko beharrak asetzera eta bizi-baldintzak hobetzera bideratutako ekimenak finantzatuko dira.

2.      Garapenerako sentsibilizazio- eta hezkuntza-jarduerak: udalerri hartzailearen garapenerako sentsibilizazio- edota hezkuntza-proiektuak finantzatuko dira, 1.134,62 €-ko aurrekontuarekin.

3.      Ekintza humanitarioak larrialdi-kasuetan: 14.182,75 €-ko aurrekontua dute, eta dirulaguntza horiek krisi-egoeretan berehalako esku-hartzeak finantzatzeko dira.

4.     Adingabeen aldi baterako harrerak: 2.269,24 €-rekin, egoera ahulean dauden adingabeak aldi baterako hartzea errazten duten programak babestuko dira.

5.     Debako gazte kooperanteak: 2.269,24 €-rekin, lerro honen helburua da 18 eta 35 urte bitarteko Debako gazte kooperanteak garapen-proiektuetan duten parte hartzea finantzatzea.

Eskabideak aurkezteko epeak eta bideak

Dirulaguntza horietarako eskabideak uztailaren 29rako aurkeztu beharko dira, Udalaren erregistro elektronikoaren bidez.

Emandako dirulaguntzek garatu beharreko jardueraren kostuaren % 100 finantzatu ahal izango dute. Lerro jakin baterako baimendutako aurrekontua agortzen ez bada, soberako funtsak beste lerro batzuk osatzeko erabili ahal izango dira.

Oinarri arautzaileei eta 2024 deialdiari buruzko informazio gehiago nahi duenak Debako Udalaren web orria kontsulta dezake.