Gazteak euskararen inguruan ahalduntzeko UEMAren topaketa Debatik igaroko da

2020/03/05
UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak antolatu ditu. Ekainaren 29tik uztailaren 5era egingo dira. Aurten, Zumaiatik Lekeitiora joango dira gazteak eta Debatik pasako dira, Itziarren etenaldia eginez. Lehengo etapa Itziarren amaitu (ekainaren 29an) eta bigarrena bertatik abiatuko da (ekainaren 30ean).

UEMAk antolatu ditu topaketak, “gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko”, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta Zumaia, Deba, Lekeitio eta Ondarroako udalen laguntzarekin. 50 lagunentzako lekua izango da, eta martxoaren 31 bitartean zabalik dago izena emateko epea. Martxoaren 4an egin da aurkezpena Zumaian. 

Aritz Larrañaga Debako alkate ordea eta Euskara zinegotzia eta Arantza Egaña Itziarko auzo alkatea egon dira aurkezpenean, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Maddi Aldalur Zumaiako Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Ainize Alzibar Lekeitioko Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Eneritz Basurko Ondarroako alkateordea eta Euskara eta Hezkuntza zinegotziarekin batera. 

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, 
euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela lau urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken hiru urteotan. Iaz, lehen aldiz, ibiltaria izan zen ekimena, eta 60 gaztek hartu zuten parte. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.

Argazkia: uema.eus