Geoparkea Kordobako Geoturismoari buruzko nazioarteko kongresuan

2013ko urriaren 31aGeoparkea Kordobako Geoturismoari buruzko nazioarteko kongresuan

Euskal Kostaldeko Geoparkea Geoturismoari buruzko nazioarteko kongresu batean parte hartu du Cabran (Kordoba). Nazioarteko 300 aditu elkartu dira bertan lurraldeen garapen ekonomikorako Geoturismoak eskaintzen dituen potentzialitateak aztertu asmoz.

Deba, Zumaia eta Mutrikuko alkateak, Maider Zubikarai, Iñaki Agirrezabalaga,eta Joseba Palenzuela, hurrenez hurren, eta Leire Barriuso, Geoparkeko gerentea eta Asier Hilario, Zuzendari Zientifikoa, Geoturismoari buruzko nazioarteko kongresu batean parte hartu dute, Cabra herrian (Kordoba).

Hain zuzen, Asier Hilariok, Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak, Creación y Desarrollo de Producto Turístico’ izenburuko mahai-inguruan parte hartu du.

Kongresu honek esperientzien elkartrukea eta geoturismoko ibilbideak sustatzeko aukerak sortzea ahalbidetuko du, bereziki Geoparke eta babestutako ingurune naturalen kasuan.

‘Geoempleo’ proiektua

Kongresua “Geoempleo: Geodibertsitatea enplegu-hobi gisa” proiektuaren baitan kokatzen da. Helburuen artean daude, batetik, ondare geologikoaren eta ingurune sozioekonomikoaren arteko harremanaren estutzea, bertako biztanleen inplikazio aktiboa lortuz; jarduera ekonomiko jasangarriak hobetzeko erremintak sortzea; lankidetza zientifikoa, ekonomikoa eta soziala bideratzeko modu edota prozedurak finkatzea; ondarearen interpretaziorako, dibulgaziorako eta ondare hau balioan jartzeko metodologia berriak garatzea.

Kongresu honek ondare geologikoak lurralde bateko industria geoturistikoa garatzeko eskaintzen duen potentzialtasuna ondo ezagutzeko balioko du, bertako giro, ondare, estetika, kultura eta biztanleen bitartez. Hain zuzen, turismo geologikoak aisialdiarekin lotzen ditugun eta berezitasunen bat duten lekuetan burutzen diren jarduera guztiak batzen ditu, geologiarekin lotutako elementuak nabarmenduz, eta jasangarritasun eta espazioaren kontserbaziorako irizpideekin proiektatuz.