Geoparkeak bisita gidatuen denboraldi berriari ekingo dio, ondare kulturalean bereziki azpimarra jarriz

2018/03/16
“Enigma bizia” bisita gidatua gehitu zaio eskaintzari, Geoparkera datozen bisitariei euskara eta euskal kulturaren berri emateko xedez. Urteko egutegia Aste Santuan hasi eta urte amaiera arte luzatuko da; hamasei bisita gidatu desberdin daude aukeran Geoparkea ezagutzeko (Deba-Mutriku-Zumaia), oinez edota itsasontziz.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak duen balio natural eta geologiko ikusgarriaz gain, ondare kultural garrantzitsua ezagutaraztea dute helburu urte osoan zehar Deban, Mutrikun eta Zumaian (Geoparkea osatzen duten hiru herrietan) eskaintzen diren bisita gidatuek.

Hala, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak bisita gidatu denboraldi berriari ekin dio, zortzigarrena dagoeneko. Aurtengo eskaintza zabalari “Enigma bizia” izeneko bisita gidatua gehitu zaio Geoparkera datozen bisitariei euskara eta euskal kulturaren berri emateko xedez.

Proposamen berri hori Zumaiako Udalak sustatu du Euskara eta Turismo sailen ekimenez eta Geoparkeko bisita gidatuen egitarauaren barruan txertatu da. 90 minutuko bisita horretan, Zumaiako kale esanguratsuenetatik barrena, modu atsegin eta entretenigarrian, bisitariei euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen berri emango zaie. Gainera, oinarrizko hitz eta esamoldeak euskaraz esaten ikasteko aukera ere izango dute eta bisitari amaiera emango zaio elkarte gastronomiko batean mokadutxo bat eginez. Gidaren azalpenez gain, bisitariek informazio osagarria jasotzen duen liburuxka eta euskarazko hiztegitxo bat ere jasoko dute.

Flyschak nazioarteko mapan kokatu du Euskal Kostaldeko Geoparkea, erreferentziazko geoturismo helmugen artean” azpimarratu du Oier Korta Zumaiako alkate eta Geoparkeko presidenteak, eta gaineratu du, “bada unea Geoparkera datozen bisitariei gure ondare historiko eta kultural baliotsuena, kuttunena, ezagutzera emateko, alegia, euskara”. Kortak argitu duenez, iaz, urtarriletik abendura bitarte, 18.072 lagunek parte hartu zuten bisita gidatuetan eta horietatik erdia espainiar estatukoak ziren. “Horiei dago zuzenduta bereziki bisita hau eta, momentuz, gaztelaniaz eskainiko da” esan du.

Aurkezpen ekitaldian Zumaiako alkatearekin batera izan dira Debako eta Mutrikuko alkateak, Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Garbiñe Mendizabal, eta Kultura zuzendaria, Maria Jose Telleria.

Aurkezpenean izan dira, halaber, Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso, eta Kike Amonarriz soziolinguista, bisita berriaren edukia lantzen aritu den kidea. Amonarrizek izenburuari erreparatu dio eta esan du, “batzuentzat euskararen enigma edo misteriorik handiena oraindik argitu gabeko jatorria da, edo euskara hizkuntza isolatua izatea, beste hizkuntzekin senidetasunik ez duena. Beste batzuek gure ohitura eta tradizioekin lotuko dute, baina euskararen benetako enigma, Koldo Mitxelenak zioen moduan, gaur arte bizirik iraun izana da; horixe da enigma bizia”.

Bestalde, Leire Barriusok gogorarazi du “2015az geroztik Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea gara; horrek biderkatu egiten du geoparkearen balioa, potentziala eta proiekzioa eta bermatzen du, era berean, garapen jasangarrirako UNESCO balioak betetzen direla gure eguneroko jardueran, hezkuntzaren, zientziaren eta kulturaren bitartez”.

Bisita gidatuak ia egunero Aste Santutik aurrera

Martxoaren 24tik aurrera, Aste Santuko oporren atarian, Geoparkeak bisita gidatuak eskainiko ditu ia egunero. Urteko egutegia datozen hamar hilabeteetan luzatuko da, abenduaren 30era bitarte.

Proposamen berriaz gainera, Geoparkeak ohiko bisita gidatuak eskainiko ditu: itsas-ibilaldiak, barnealdeko bailara ezkutuak ezagutzeko ibilbideak, familiartean egiteko proposamenak... Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dira, eta eskaera handiagoa den irteeretan audiogidak daude eskuragarri ingelesez, frantsesez eta baita alemanez ere.

Guztira hamasei bisita gidatu desberdin daude aukeran, gida baten azalpenez lagunduta, Geoparkea ezagutu eta deskubritzeko. Hala ere, udan proposamen berri bat abiatuko da Mutrikun, Udalaren ekimenez: Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuak.

Geoparkearen webgunearen bidez jaso daiteke informazio osoa, baita erreserbak online egin ere; hemendik aurrera, www.geoparkea.eus.

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea

Euskal Kostaldeko Geoparkea Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute eta ondare geologiko, natural eta kultural garrantzitsua du oso. Euskal Herrian daukagun proposamen berezi eta erakargarrienetako bat da geoturismo eta natura-turismoaren baitan. 2010az geroztik Munduko Geoparkeen Sareko kidea da. 2015ean, Geoparkeko ondare natural eta kultural oparoak errekonozimendu garrantzitsua eskuratu zuen, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz.

Geoparkeen arteko lankidetza eta elkarlana funtsezko ezaugarriak dira. Egun 127 geoparke daude munduan, horietatik 71 Europan. Hain zuzen ere, Geoparkeak aurten bigarren errebalida-prozesua pasa beharko du Sarean beste 4 urtez egon ahal izateko.

Argazkia: Geoparkea