"GeoparkeZaleak" ekimena aurkeztu du Geoparkeak, entitate laguntzaileen sarea

2018ko maiatzaren 31a"GeoparkeZaleak" ekimena aurkeztu du Geoparkeak, entitate laguntzaileen sarea

Topagune ireki eta parte-hartzailea izatea du helburu, Euskal Kostaldeko Geoparkearen bueltan.

Gaur goizean, maiatzak 31, Europako Geoparkeen Astearen baitan, GeoparkeZaleak ekimena aurkeztu da Itxaspe Kanpinean. Euskal Kostaldeko Geoparkearen entitate laguntzaileak biltzen dituen komunitate dinamiko eta irekia da. Gaur-gaurkoz Debako, Mutrikuko eta Zumaiako 19 entitate biltzen ditu sareak. Lurraldearekiko atxikimenduak eta ingurune sozial eta naturalarekiko konpromisoak batzen ditu. Ekimenaren asmoa da Geoparkearen bueltan topagune ireki eta parte-hartzailea eratzea. Geoparkea zer den eta zer balio dituen zabaltzea izango du helburu nagusi.

Hasiera batean, sareak turismo arloko entitateak bildu ditu, baina atxikimendu gehiago jaso eta hazten joatea da asmoa. Honela, pixkanaka sarera batu ahal izango dira Geoparkeko ikastetxeak, elkarteak, bestelako kolektiboak eta baita norbanakoak ere.

Gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Maite Cruzado, eta Debako alkatea, Pedro Bengoetxea, Mutrikuko alkatea, Jose Angel Lizardi, eta Zumaiako alkatea, Oier Korta. Udal ordezkariek bertaratu diren entitate laguntzaileak zoriondu eta esker ona adierazi diete, euren konpromiso eta ekimenagatik.

GeoparkeZaleak ekimenak gaur-gaurkoz 19 entitate biltzen ditu. Ia gehienak Geoparkea osatzen duten hiru herrietako, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako, ostatuak dira. Baina bada zerbitzu turistikoak eskaintzen dituen enpresa bat ere. Hauek guztiek egiaztatu dute kalitate eta etengabeko hobekuntza prozesuetan murgilduta daudela. Eskaintzen dituzten zerbitzuak eta produktuak ikuskatuak izan dira, eta agerikoa da Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkearekiko zein iraunkortasunarekiko konpromisoa, Turismo Jasangarriaren Europako Kartaren ildotik.

Ekitaldian sareko bi ordezkarik atxikimendu-adierazpena irakurri dute, entitate laguntzaileen konpromiso eta “zereginak" biltzen dituena. Jarraian, banan-banan, entitate laguntzaileek aurrerantzean euren establezimenduetan erakutsiko duten plaka bereizgarria jaso dute.

Geoparkeak, bestalde, geoparkea.eus webgunean laguntzaile diren entitateak soilik erakutsiko ditu. Gainera, deskontu kodeak banatuko dizkie entitate laguntzaileei, bezeroen artean Geoparkeko bisita gidatuetan parte hartzeko prezio murriztuak eskaini ditzaten.

Honekin guztiarekin, Geoparkeak aitortza egin nahi die kalitatearen eta iraunkortasunaren alde lanean diharduten entitateei. Geoparkea helmuga ekoturistiko gisa kokatzen laguntzen dute; eta Geoparkeak elementu bereizgarri bat eskainiko die enpresa hauei, besteengandik bereizteko.

Iturria: Geoparkea