Gilen Garcia: “Egungo erronkari aurre egingo dion elkarlanean egindako aurrekontua onartu du udalbatzak”

2021/01/29
Urtarrilaren 28an egindako ohiko osoko bilkuran onartu ditu Debako udalbatzak 2021erako aurrekontuak, EH Bilduren (6) eta Debarren Ahotsaren (4) aldeko botoekin. EAJ-PNVk kontra bozkatu du. Debako Udaleko aurrekontu kontsolidatua 9.066.529 eurokoa izango da. Udal Gobernuak egindako proposamenari hainbat ekarpen egin dizkio oposizioak eta horietako batzuk txertatu egin dira 2021erako onartu den aurrekontuan.

Itziar Irizar Ogasuneko zinegotziaren esanetan “2020rako aurrekontuak moldatzerakoan COVID-19ak ekarri duen ezohiko egoera kontuan izan genuen, eta 2021erako ere zuhurtziaz jokatzea dagokigula uste dugu, Udala kudeatzearen ardura dugun heinean”. 

Udazkenean abiatutako lanketak hainbat oinarri izan ditu: batetik, pandemiak sortutako egoera aintzat hartzea; Gobernu Plana bide-orri edo oinarri nagusi hartzea eta neurriak gauzatzen joatea; Gizarte Politiketako eta Berdintasuneko batzordeak indartzea; euskara sustatzen jarraitu, eta kultura eta kirol jarduerak, ahal diren neurrian, berreskuratzea; ingurumenean eragina duten ekintzak aurreikustea; 2020an landutako merkataritza berrindartzeko plana aintzat hartzea eta udalerria hobetuko duten proiektuak edota inbertsioak aurreikustea. 

Egungo errealitatetik abiatuta, 2021eko aurrekontuak herritarron bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko asmoz osatu ditugu. Elkarlanean aurrekontu orekatua eta potentea osatu dugula uste dugu, egungo erronkari aurre egingo diona”, Gilen Garcia alkateak esan duenez. 

 

Batetik, Gizarte Politikei dagokionez, adinekoen prebentzioa eta eurei zuzendutako zerbitzuak indartzea (zahartzaro aktiboa lantzeko jarduerak bultzatuz), herritar zaurgarrienei diru-laguntzak ematen jarraitzea eta indartzea (gizarte larrialdi eta bakarkako laguntzak, elikagai bankua...), haur eta gaztetxoentzat Zaintza Sarea eta Hezkuntza Errefortzua antolatzea, etxebizitza alokairua bultzatzeko diru-laguntzak martxan jartzea (DAren ekarpena), Aniztasun Plana garatzea (herri inklusiboagoa egiteko asmoz), adinekoen zentroaren beharrari buruzko azterketa egitea (EAJren ekarpena)... 

Berdintasuna eta Parte-Hartzeari dagokionez, 2020an onartutako II. Berdintasun Planean bildutako ekintzak gauzatzen hastea. Formazioak antolatzea, helduentzako gida morea argitaratzea... Gainera, etxebizitzaren inguruko galdeketa, Zumardiari buruzko parte-hartze prozesua eta auzokako bilkurak ere martxan jartzea aurreikusi da. 

Tokiko Garapenari dagokionez, merkatua indartzea, San Roke eta Santa Katalinako bideak konpondu eta Artzabalgo espaloia egitea, bertako merkataritza sustatzeko ekintzak gauzatzea, natur bideak balioan jartzea, eraikin publikoen ziurtagiri energetikoa egitea, aldaketa klimatikora egokitzeko ekintza plana osatzea, hezkuntza eta kirol instalazioetan hobekuntza egiten jarraitzea (Luzaro eskolako aterpea, Haur eskolako pertsiana, Errotazarren LED argiak instalatzea)... 

Udal Antolaketari dagokionez, aparkalekuen berrantolaketa landu eta martxan jartzea, argiteria publikoa eguneratzen hastea, hainbat ordenantza/hitzarmen/zerbitzu kontratazio eguneratzea, webgunea berritzea, desfibriladore-gune berriak sortzea, fitxatze sistema ezartzea, ... eta baita gainontzeko alderdiekin, IAUrekin edota Itziarko enpresa parkearekin, eta udalerriaz gaindiko instituzioekin elkarlanean jarraitzea ere. 

Kultur eta Herri Ondareari dagokionez, euskarari bultzada ematen jarraitzea. Gainera, kultur jarduerak indartu (egoerak ahalbidetzen duen neurrian) eta Karsta eta Gizakia aurre-historiari buruzko proiektua martxan jartzea aurreikusi da. Festa izaera duten jarduerentzat (Debarren Eguna, San Juanak, San Rokeak, Euskal Jaia...) diru-poltsa bat sortu da, pandemiak sortutako egoera dela eta oraingoz zein ekintza/ikuskizun antolatu daitezkeen aurreikusi ezin delako. 

Udaleko aurrekontua 8.804.385€koa izango da, IAUrena 1.090.562€koa eta Deba Musikal Patronatuarena 586.402€koa. Udalaren kasuan 850.000€ aurreikusi da inbertsioetarako; horietatik esanguratsuenak honakoak izango dira: Luzaro eskolako aterpea eraikitzea (150.000€), Artzabalgo espaloia (170.000€ + GFA), San Roke eta Santa Katalinako bideak (100.000€), Arrantzale kalea atontzea (26.000€), Gaztelekuko leihoak (23.500€), Errotazar LED argiak (50.000€), Padel pistak (120.000€ - DAren ekarpena), Haurreskolako pertsiana (3.000€), Aldats frontoiko sarea (6.000€), webgunea berritzea (6.000€), Calbeton zumardiko fatxada (100.000€ - %15)...

Argazkia: Ander Salegi.