GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK GI-638 ERREPIDEA HOBETZEKO ZERBITZUA KONTRATATZEKO DEIALDIA EGIN DU

2016ko apirilaren 21aGIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK GI-638 ERREPIDEA HOBETZEKO ZERBITZUA KONTRATATZEKO DEIALDIA EGIN DU

GI-638 errepidea hobetzeko eta Deba eta Mutriku artean oinezkoen pasabidea egiteko proiektua konkurtsora atera da. Eraikuntza proiektua errepide zati honetarako da: 1,200 eta 3,600 kilometro puntuen tarterako. Interesatuek proposamenak aurkezteko duten azken eguna maiatzaren 5a da.

Asteazken honetako (apirilak 20) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren alean, GI-638 errepidea hobetu eta 1,200 eta 3,600 kilometro puntuen arteko oinezkoen pasabidea egiteko esleituko den kontrataziorako oinarriak argitaratu dira.

GI-638 errepideak, Deba eta Bizkaiarekin muga egiten duen puntuaren artean, 7,9 kilometroko luzera du guztira. 1 kilometro puntuaren (Debako irteera) eta 4 puntu kilometrokoaren (Mutrikuko sarrera) artean, itsaslabar batetik pasatzen da errepidea, itsasoaren higaduraren eragina bereziki jasaten duen ingurune batetik; hau da, ingurune hori bizia eta ezegonkorra da berez. Beste alde batetik, Deba eta Mutriku udalerrien arteko harreman sozial eta ekonomikoa kontuan hartuz, baita bi udalerriak lotzen dituen kostaldeko eremuan jarduera ekonomikoak garatzen direla ere, GI-638 errepidea segurtasun eta funtzionalitate egoera onetan mantentzearen premia ukaezina da.

Hori guztia dela eta, GI-638 errepidearen zati jakin bat hobetzea erabaki da, batez ere, plataformaren zabalerak sortzen dituen arazoak konpontzeko; eta kostaldeko aldean oinezkoentzako bide bat sortzeko.

Eraikuntza Proiektua errepide zati honetarako da: 1,200 kilometro puntuan, Debako irteeran kokatutako Ondar Beltz hondartzaren eremuan hasi eta 3,600 kilometro puntuan, Mutrikuko herrigunetik gertu kokatutakoan amaitzen dena. 1,200 kilometro puntuaren aurreko errepide zatia ez da proiektu honen barne egongo, horren hobekuntza "Debako estuarioaren Plan Bereziaren" garapenaren barne egingo baita. Agiri horren aurrerapena DEBEGESA Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Agentziak idatzi zuen 2014ko abenduan.

Kontratuaren xedea Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari Laguntza Teknikoko Zerbitzua ematea da, prozedura irekiaren bitartez tramitatuko da eta esleipenerako honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: prezioa, egin beharreko lanen azterlana eta proposatutako metodologia, arazo geoteknikoen azterlana eta lanen programa. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 206,000 €-koa da (% 21eko BEZ gehitu gabe).

Interesatuek maiatzaren 5a arte izango dute aukera beraien proposamenak Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuko Erregistro Orokorrean (Miramon Pasealekua 166, 20014 Donostia) edo Erregistro Zentralean (Gipuzkoa plaza z/g, 20004 Donostia) aurkezteko.

Kontratuko baldintza administratiboen eta ezaugarri teknikoen agiriak ondorengo web orrian eskura daitezke: www.gfaegoitza.eus.