Gure Balioak Sariaren hamargarren ediziorako hautagaiak aurkezteko epea zabalik da

2019/07/02
Debabarreneko eskualdean pertsona edo entitate batek bere ibilbidean zehar sustatu dituen giza balioei aitortza egitea du xede. Hautagaiak aurkezteko epea uztailaren 14an amaituko da.

Gure Balioak Sariaren X. edizioa abian da. Debegesa eskualdeko garapen agentziak sustatu eta antolatzen du urtero, Debabarreneko eskualdean giza balioen sustapenean nabarmendu den pertsona edo entitateen jarduna publikoki aitortzeko asmoz. Gure Balioak Sariak bereziki indartu eta sustatu nahi dituen oinarrizko balioak integritatea, errespetua, ekintzailetza eta elkarlana dira.

Sariduna hautatzeko proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 14an amaituko da. Debabarreneko herritar orok izango du aukera nahi duen hautagaia proposatzeko, baita erakundeek, enpresek eta gizataldeek ere.

Proposamenak egiterako orduan, hautagaiek zenbait baldintza behar dituzte: Debabarrenean jaioak izan behar dute edota euren lan ibilbidea eskualdean garatu izana eskatuko zaie; eskualdearekin lotura izan behar dute; eta, balioetan oinarritutako ibilbidea edo jarduera erakutsi behar dute.

Sariaren gaineko xehetasun guztiak, oinarriak eta hautagaia aurkezteko formularioa debegesa.eus webgunean dago eskura. Informazio gehiago nahi duenak 943 82 01 10 telefonora deitu edo komunikazioa@debegesa.eus helbidera idatzi dezake.

Iturria: Debegesa

Argazkia: Gure Balioak sari banaketa 2018 (Mallabian)