Guztionak diren espazio publikoak errespetatzeko eta zaintzeko deia egin du Debako Udalak

2025ko ekainaren 16aGuztionak diren espazio publikoak errespetatzeko eta zaintzeko deia egin du Debako Udalak

Azken egunetan hainbat ekintza bandaliko egin dituzte Debako udal pilotalekuan, eta kalteak eragin dituzte herritar guztiek erabili eta gozatzen duten instalazio honetan. Egindako kalteen artean, besteak beste, olana edota entxufeak/etengailuak puskatu eta pintada ugari ere egin dituzte. 


Debako Udalak bere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du horrelako portaeren aurrean, horiek konpontzeko beharrezkoa ez den gastu ekonomikoa ekartzeaz gain, bizikidetzari eta ongizate kolektiboari kalte egiten diotelako.

Udalak gogorarazi du espazio publikoa guztiona dela, eta hura zaintzea erantzukizun partekatua dela. Hala, guztionak diren leku eta espazio publikoak errespetatzeko deia egin du, eta herritarrak leku horiek babesten aktiboki laguntzera animatzen ditu, edozein ekintza bandalikoz ohartaraziz.

Udalak, bere aldetik, beharrezko neurriak hartuko ditu zaintza indartzeko eta gertakari horiek berriro gerta ez daitezen bermatzeko.